Maila guztietako txapelak egongo dira jokoan, kadeteetatik hasi eta master mailara artekoak. Txirrindulariek 4,2 kilometroko ibilbideari aurre egingo diote lasterketa guztietan. Irteera eta helmuga puntua San Vicente fundizioaren inguruan egongo da, eta Mendiola inguruetatik igaroko da zirkuitua.
Lasterketak hiru txandatan banatuko dituzte. Lehenengoan master mailakoen txanda izango da. 09:30ean, master 30, 40, 50 eta 60 kategoriakoak hasiko dira. Bigarren txanda 11:00etan hasiko da: elite eta 23 urtez azpiko emakumeak irtengo dira lehenengo; jarraian, junior emakumeak; eta, minutu gutxira, mutil kadeteen eta nesken lasterketa hasiko da. Azken txandan, 12:45ean, elite eta sub 23 gizonen eta junior mutilen lasterketak lehiatuko dira.
Etxeko taldea, Café Dromedario Flotamet, podiumerako borrokan ibiliko da hainbat ziklistagaz: kadete kategorian, Andoni Villate eta Markel Iglesias zornotzarrekin; eta, juniorretan, Ander Mendizabal abadiñarragaz eta Jon Lopez bediarragaz.