Abadiñon diru laguntza gidabaimena euskaraz ateratzeagaitik

Anboto 2025ko mai. 29a, 11:02

Abadiñoko Udalak diru laguntza emango die gidabaimena euskaraz ateratzen duten 15etik 25 urtera arteko herritarrei; baldintza guztiak betez gero, gazte bakoitzak 200 euroko diru laguntza jasoko du.

Ziklomotorreko (AM), motozikletako (A1 eta A2) eta autoko (B) gidabaimena euskaraz ateratzen dutenek jaso ahal izango dute laguntza. Eskaerak egiteko epea oraindino zabaldu barik dagoen arren, urrian zabalduko da eta eskaerok Herritarren Arretako Zentroan egin beharko dira. 2025eko urtarriletik aurrera gidabaimena euskaraz ateratzen dabiltzan gazte guztiek eskatu ahalko dute laguntza.  

Ekimen honen bitartez, Abadiñoko Udalak euskara normalizatzea lortu gura du, Naiara Bildosola Hezkuntza eta Euskara zinegotziak nabarmendu duenez: "Euskarak eta euskaldunok euskaraz bizitzeko ditugun traba eta jazarpen guztiak kontuan hartuta, pozgarria da udal talde guztion oniritziagaz diru laguntza honen oinarriak onartzea. Zalantzarik barik, aurrerapauso garrantzitsua da Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren ardatz estrategikoan". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!