"Ziklistekin gertuko tratua izan gura dut, hasieratik"

Joseba Derteano 2025ko mai. 25a, 10:30

Ion Sarasua Agirre (Abadiño, 1981) Euskadiko Txirrindularitza Federazioko mendi bizikleta arloko hautatzaila izango da aurrerantzean. Gazteek mendi bizikleta proiektu interesgarri legez sentitzea, horixe lortu gura du Sarasuak apurka-apurka. Horretarako, gertutasuna eta urte osoko jarraipena egitea elementu garrantzitsuak direla uste du.

Zelan heldu zaizu federazioaren eskaintza?
Kirol guztietan, ez txirrindularitzan bakarrik, titulazioak aldatu egin dira. Federazioa eskakizun berrietara egokitutako norbaiten bila zebilen eta niri deitu zidaten, hirugarren mailako titulazioa atera dudalako. Orain hilabete inguru eskaini zidaten.

Gaiari buelta asko eman zenizkion baietza eman aurretik?
Bai, asko. Hau ez da nire ogibibidea, txirrindularitza gustatzen zaidalako nabil mundu honetan. Eta horrelako ardurak hartzeak badakit zer dakarren. Azkenean, hartutako erabakien erantzule nagusia norbera da eta erabakiak gustukoak izan daitezke zein ez. "Zertarako sartuko naiz horrelako erantzukizunetan?", pentsatzen nuen hasieran.

Eta zerk eraman zintuen baiezkoa ematera?
Batetik, federazioak nigaitik egin duen apustuagaitik eta nigan izan duten konfiantzagaitik. Bestetik, proiektua bera erakargarria iruditzen zait. Azken urteetan Euskal Herrian mendi bizikletaren munduak ez du pisu handirik izan eta erronka motibarria iruditzen zait hori aldatzeko. 

Raul Mena da federazioko presidentea. Ezagutzen zenuen aurretik?
Aspalditik ezagutzen dut. Txirrindularia nintzen sasoian, bera pistako hautzailea zen eta lau urtez pistako Euskadiko selekzioko parte izan nintzen. Gerora hartu-emana mantendu dugu. Egia esanda, federazioak eraman behar duen norabidearen inguruan berdin pentsatzen dugu.

Zure lantaldea konfiantzazko jendeagaz osatuko duzu?
Bai, jakina. Kostatuko da, baina talde teknikoa konfiantzazko jendeagaz sortzea oso garrantzitsua da, denboraldian zehar denbora asko emango duzulako jende horregaz. Ez da erraza familia utzi eta asteburuetan hara eta hona ibiliko den jendea bilatzea, baina horretan ahaleginduko gara. 

Dromedario-Flotamet taldeko mendi bizikleta arloko ardura izan duzu orain arte. Taldea utziko duzu?
Oraingoz jarraitu egingo dut, errelebo bat aurkitu arte. Aurrera begira, ordezkoa datorrenean, taldea uztea izango da egokiena, ez dut-eta taldeari merezi duen arreta eskaintzeko astirik izango. Baina behar duten denerako hor izango naute beti. Asko ikasi dut eta asko eman dit. 

Zeintzuk dira hautzaile baten ardurak?
Hautatzaile baten ardura ez da ziklista bat edo bestea hautatzea bakarrik. Kantitatetik kalitatea aukeratu ahal izateko, lehenengo eta behin kantitatea behar da. Horretan eragin behar dugu. Txirrindulariek mendi bizikleta apustu erakargarri legez ikusteko lan egin behar dugu. Ez da sekretua Euskadin mendi bizikletak ez duela errepideko txirrindularitzak duen indarra. Gazteek normalean errepidea aukeratzen dute. Horixe da falta zaiguna: denboraldi hasieratik amaierara mendi bizikletarako apustua egingo duten ziklistak, konpromiso hori hartuko dutenak. Formularik egokiena zein den aztertu beharko dugu, baina denboraldi hasieratik bertatik ziklistekin gertuko tratua izatea da nire ideia. Ez selekzioan dabiltzanekin bakarrik, baita eremu zabalagoan ere: eurekin berba egin, zer asmo duten galdetu, orientatu… Gertutasuna erakutsi, euren konfiantza irabazteko eta mendi bizikleta aukera interesgarri legez sentitu dezaten. Euskadiko selekzioa mendi bizikleta bultzatzeko elementu garrantzitsu bat izatea gustatuko litzaidake proiektu orokor baten barruan.

Gaur egun, mendi bizikletak Bizkaian indar handiagoa du Gipuzkoan eta Araban baino?
Gaur egun, mendi bizikleta Bizkaian baino ez dagoela esan daiteke. Gipuzkoan eta Araban ez du indarrik. Ildo horretatik, mendi bizikleta Euskal Herrian indartu gura badugu, Gipuzkoako eta Arabako federazioek ere apustu bat egin behar dute, Bizkaikoak egiten duen legez. Federazioekin ere hartu-emanetan nabil. 

Green Series txapelketak mendi bizikletan lehiatzeko aukera eskaintzen die gazteei. Egutegi horretako lasterketa bat Abadiñon egin izan da, gainera. Horrelako txapelketa gehiago behar dira?
Federazio guztien artean, Nafarroakoa barne, Euskal Herriko Opena sortzea aurrerapauso bat litzateke, beharbada. Green Series txapelketa baino apalagoa izanda ere, gazteei mendi bizikletan aritzeko aukera eskainiko dien txapelketa finko bat, sasoi batean zegoenaren modukoa. Gaur egun ez daukagu egutegirik Euskal Herrian, eta pena da. Hori bermatzea da nire asmoetariko bat. 

Aurtengo egutegiari begira, uztailean Granadan izango den Espainiako txapelketa duzue hitzordu nagusia?
Bai, aurtengo gure helburu nagusia Espainiako txapelketa da eta baita Team Relay proban aritzeko talde bat ateratzea ere. Iaz ez zuten talderik atera. Gainera, talde lehiakor bat egiteko aukera dagoela uste dut. Team Relay taldeka eta adinka banatuta egiten den proba da. Maila batekoek euren lana amaitzen dutenean, beste adin tarte bateko taldeari ematen dio erreleboa. 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!