Ekainaren 9tik aurrera aparkaleku sistema berria martxan; TAO gunea Trañaetxoste kale osora zabalduta

Maialen Zuazubiskar 2025ko mai. 20a, 08:28

Abadiñoko Udaletik ohar bidez azaldu dutenez, aurreikuspen guztien arabera, ekainaren 9an jarriko dute martxan aparkaleku sistema berria. Data hurbildu ahala, herritarrek beraien etxean jasoko dute pegatina eta beharrezko informazio guztia. 

Urte eta erdiko lanketaren ostean, eta azken moldaketa batzuk eginda, aparkaleku sistemaren proba pilotua ekainaren 9tik aurrera egongo da martxan Traña-Matienan. Udaletik azaldu dutenez, auzoko ostalari eta merkatariekin elkarlanean landu dute proba pilotuaren diseinua. Guztira bost batzar egin dituzte beraiekin. 

Hori horrela, auzoko komertzioei eta ostalariei bultzada emateko asmoz, TAO sistema Zubibitarte kalean ezartzeaz gain, Trañaetxoste kalera zabaltzea ere erabaki dutela jakinarazi dute. Beraz, Trañabarreneko eremuaz gainera, TAO sistema Zubibitarten eta Trañaetxosten ere jarriko da, Zubibitarte eta Txinurrisolo artean, hain zuzen ere: gehienez, ordubetez aparkatu ahal izango da, doan. Eremu honek kolore urdina izango du.  Horrez gainera, gehienez bi orduz aparkatzeko eremu gehigarri bat ere jarriko dute Trañaetxosten, Txinurrisolotik eskoletara bitartean. Hau ere doakoa izango da, eta kolore berdea izango du. 

Bestalde, TAO sistema indarrean ez dagoen orduetan, egoiliarrek bakarrik aparkatu ahal izango dute eremu horietan. Hori dela eta, kolore gorriz ere margotuta egongo dira. 

Berritasun gisa, Abadiñoko Udaletik jakitera eman dute, behin makinan matrikula erregistratuta, autoan papera jartzea ez dela derrigorrezkoa izango. 

EAJk alegazioak

Abadiñoko EAJk, berriz, trafiko ordenantza berri honi zortzi alegazio jarri dizkiola jakitera eman du. Hauek dira horietako batzuk: TAO guneak zabaltzea, doan aparkatzeko denbora luzatzea eta Arzubian parking bertikala egiteko proiektua aztertzea, besteak beste. "Gure aburuz, tokiko gobernuak ez du bertoko merkatariekin partaidetzazko prozesurik bultzatu ordenantza hau idatzi baino lehen. Traña-Matiena auzo bizia da eta ekonomiko dinamikoki jarraitzeko, merkataritza sare hurbila behar du, irisgarria", gaineratu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!