Lesioak tratatzea fisioterapeuta baten eguneroko ogia izaten da. Zeintzuk dira lesiorik ohikoenak?
Tendinitisa eta zerbikalgia asko tratatzen ditugu. Egunerokotasunean barneratuta ditugun postura okerrengaitik sortzen diren lesioak dira batez ere. Zortzi orduko lanaldi batean gatx da postura egoki bat mantentzea, eta horrek, gerora, mina dakarkio gorputzari. Horregaitik, oso garrantzitsua izaten da indar ariketak egitea, horiek eginda errazagoa delako postura egoki bat mantentzea. Orokorrean, jendeak ez du kirola egiten muskulatura garatzeko, baina giharrak garatzea ezinbestekoa da. Muskuluek babestu egiten dituzte artikulazioak eta hezurrak, eta babes horri eskerrak gutxitu egiten da minaren frekuentzia.
Bestalde, gaur egun estresa ere ohiko gaixotasuna da eta horrek ere desoreka bat eragiten du gorputzean. Askok estresak eragindako minak izaten dituzte. Esaterako, pertsona askok buruko min konstantea dute eta min hori normaltzat hartzen dute, baina ez da normala. Tratamendu bategaz, gutxitu egin daitezke.
Xarma zentroan garrantzi handia ematen diezue indar ariketei eta ariketa terapeutikoei.
Maila eta adin desberdinei bideratutako indar ariketak eskaintzen ditugu, baita luzaketa eta mugimendu saioak ere. Pertsona bakoitzaren beharrizanetara egokitzen gara; hori ezinbestekoa da guretzat.
Zoru pelbikoa tratatu eta honen lesioak ere prebenitzen dituzue. Garrantzitsua da?
Zoru pelbikoa zaindu egin behar dugu, emakumezkook zein gizonezkoek. Zoru pelbikoko desorekek eragina dute muskulu eskeletikoetan, eta hori lantzea beharrezkoa da. Maddi, nire lankidea, espezialista da zoru pelbikoan, eta tratamenduak egiten ditu. Horrez gainera, zoru pelbikoko muskulatura mantentzeko eta hobetzeko ariketak ere egiten ditugu. Emakumezkoen kasuan, haurdun dauden emakumeei ariketa klaseak ematen dizkiegu. Umea izan eta gero ere bai.
Medikuak pilulak errezetatzen ditu. Martiñek zer errezetatzen dio Xarma zentrora doanari?
Bizi kalitate osasuntsua eramatea gomendatzen dut. Oreka bat bilatzea kirolagaz, elikaduragaz eta buru osasunagaz. Oreka hori lortzen dugunean izango dugu gorputza ondoen. Norbere burua egunero zaintzea da tratamendurik onena. Bere burua zaintzera eta oreka hori mantentzera animatzen dut jendea.