"Gertatzen direnei adi egonez idatzi dut"

Aritz Maldonado 2025ko mai. 4a, 10:30

Ignacio Aldekoa literatur beka irabazi eta gero, Ainhoa Urien idazle abadiñarrak 'Ehun zaldi trostan' lana plazaratu du. 2020an Poesia zaurien ukendu: Xabier Leteren arrastoan saiakera idatzi eta gero, fikzioa baliatu du ipuin sorta berria idazteko. Aitane Goñiren ilustrazio soil batzuk daude ipuin bakoitzaren hasieran. Bost urte hauetan, ofizioa garatu duela azaldu du idazleak. "Bigarren liburu honetan, lehenengoan igarri zitekeen ahots propio horretan berretsi naizela esango nuke", gaineratu du. 

Aste batzuk dira liburua plazaratu duzula. Pozik liburuak izandako harreragaz?
Bai, gustura. Idazterakoan, idatzi dezakezu zuretzat, jakina, baina argitaratzea erabakitzen duzunean ahalik eta jenderik gehienarengana heltzeko helburua izaten duzu. Hedabideetan ere oihartzuna izaten ari da. Badut gogoa jendeak irakurri dezan. Beste diziplina batzuetan, publikoaren erantzuna berehalakoa da; bertsolaritzan edo zineman, adibidez. Liburuekin, ostera, denbora behar da irakurtzeko. Lehenengo feedbackak jaso arte, desertu moduko bat igaro behar izaten duzu. Apurka nabil iritzi horiek jasotzen, eta Hitzeko aurkezpenaren ondoren gehiago izango direlakoan nago. 

Oso bizkor doa dena. Gainera, asko argitaratzen da eta iraungitze datagaz kaleratzen dela dirudi. Horrek, ahaztua izateak, bertigo apur bat ere ematen dit. Urtebeteko lana da hau, dena eman dut hau idazten, eta hainbeste egin eta gero, merkatuaren abiadurak irensteak zelanbaiteko beldurra ematen dit. Esango nuke antsietate moduko bat dugula denok aktualitateagaz. 

Bulkadaka idazten duzula nabarmendu izan duzu. Bateragarria da beka bategaz publikatzeagaz?
Beka jaso izana lagungarria da argitaratzeko, ez diruagaitik bakarrik; lagundu ere egiten du argitaratze orduan. Eta, gainera, epeka ondo funtzionatzen dut. Batzuentzat presioa izan daiteke, baina niretzat ez. Nik eskuz idazten dut, bulkadaka, eta gero jesartzen naiz ordenagailuaren aurrean, ideiei forma emateko, idazteko. Epeak bete arren, nire bizitza normal egiten jarraitzen dut, eta, hain justu, liburuak jasotzen dituen gauza asko ematen dizkit horrek; horrela, sorkuntza elikatzen dut, zelanbait esateko. Adi egoten naiz, irudi batek, elkarrizketa batek, idaztera eraman nazakeelako. Annie Ernauxek esaten zuen batzuetan jesarri eta idatzi ondoren ikusten duzula zein helburugaz idatzi duzun. Horixe egin dut nik ere; idatzi, eta idatzi ondoren zentzua eman. Beka urtebete eskasekoa izan da, baina aurretik lan dezente eginda nuen. Ez da izan zerotik hasten den gauza bat. Gertatzen diren gauzei adi egotea da idaztea niretzat.

Eroso aritu zara fikzioan?
Udalbiltzatik jasotako bekagaz fikziozko ipuin bat publikatu nuen, eta Booktegian ere bi publikatu ditut, baina liburu modura lehenengo ariketa izan da hau; beraz, entrenatuta harrapatu nau. Fikzioak babesgune bat ematen dizu nire ustez, existitzen ez diren gauzak eraiki ditzakezulako. Errealitatetik ekoitzi arren, sortzeko eremu zabalago bat ematen dizu, esan gura duzun hori modu egokian esateko. Fikziotik idaztean, baina, ardura bat ere badugu, ez dakit errealitateari leial izateko, baina bai errealitatea kontuan hartzeko, fikzioak kokapen bat eskatzen du eta. Hor eroso sentitzen naiz gauza batzuk esateko. Liburuan hausnarketa pildora batzuk daude, eta horiek mahaigaineratzeko, pertsonaiak eraikitzeak aukerak zabaldu dizkit. Hausnarketa bere horretan idatzi daiteke, baina fikzioan pertsonaia batean gorpuztu daiteke, eta irakurlea hor identifikatua sentitu daiteke. Gainera, uste dut literatura ere badela jendeak gozatzeko.

Eta zer kontatu gura zenuen?
Batez ere, hausnarketa asko nuela konpartitzeko, eta ipuin hauetan horiek konpartitzeko modua topatu dut. Liburuan Irene da ardatza, nahiz eta ez den beti agertzen; forentse lan moduko bat egiten du, pertsonaien jokabide eta erabakiak analizatzen dituelako. Bere inguruan dagoen munduan eraiki ditut giro, pertsonaia eta eszena batzuk, esateko nituenak esaten laguntzeko. Hartu-emanei loturiko hausnarketa asko dago, adibidez. Bai parez parekoekin harremantzeko moduei buruzkoak, baita sozialki posizio desberdin batean dagoen jendeagaz ere; zelan posizionatzen garen, zelan jokatzen dugun, egokitasuna zelan kalibratzen dugun edo politikoki zelan jokatzen dugun. Errua eta errukia bata bestetik hain urruti ez daudela ikusi dut, adibidez. Animaliekin dagoen hartu-emana ere agertzen da. Bestalde, identitatearen bilaketa konstante bat ere badago. Pertsonaia guztiak liburu osoan zehar etxe baten bila daudela esango nuke, ez etxe fisiko baten bila, egoteko leku baten bila baino, izen baten bila, babesleku baten bila. Identitate baten bila ibiltzea edo identitate bat atzean utzi gura hori ere hartu-eman moduagaz lotzen dut. Eta horiek kokapen politiko konkretu batetik egin gura genituen. 

Dena muturretatik bizi behar dela dirudien garai honetan, tarteetan bizitzeari buruz idatzi duzu.
Gerora konturatu naiz liburua gauza biren artean dabilela beti, leku biren artean, edo joan- etorrian, edo zerbait topatzen edo zerbait atzean uzten. Beraz, bazegoen bikoen amalgama bat. Azala ere hortik doa, biko horiek non elkartzen diren erakusten du, elkarrizketak non jartzen diren, eta hortik zer sortu daitekeen. Tarteko leku horretan gauza interesgarri asko dagoela erakusten du liburuak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!