Begi bistakoa da aitortza hau hunkiduraz jaso duzuna.
Izan ere, ez nuen halakorik inondik inora ere espero.
Auzotarrak txaloka eta 'Fermin! Fermin!' oihuka izan dira ekitaldian.
(Hunkituta) Oso polita izan da. Hainbeste urtean jaietan behar egin eta gero aitortza ailegatu da. Poztekoa da.
Akorduan duzu zelan hasi zinen auzoko jaiak antolatzen?
Hamabi-hamalau urtegaz hasi nintzen laguntza eskaintzen. Pintxoak egiten eta Donien Atxa nondik hartu genezakeen esaten, hori guzti hori lotzen. Lehen, desberdin egiten zen Donien Atxa jasotzeko ekitaldia. Afaria egiten zen lehenengo, eta afaria amaiturikoan joaten ginen pinuaren bila. Inortxok ere ez zekien nondik ekartzen zen pinua. Ez genuen inor abisatzen.
Izan ere, askok ez dakite, baina auzoko gazteriak zuen etxeko lur eremuetatik hartu izan du Donien Atxa urte askoan, zuek trukean sekula ere ezer eskatu barik.
Aitak eta amak bazuten horren berri, eta bazekiten zertarako zen. Horrek sekula ere ez digu ardura izan.
Urteak pasatu arren, jaietako ekitaldiak antolatzen segitzen duzu; paella txapelketan, perretxikoen erakusketan...
Hamaikatxo biderrez egon naiz paelletan epaile, baita tortilletan ere. Maiatzaren 4an perretxikoen dastatzea egingo dugu. Horrez gainera, txosnetako parrilladan ere egongo naiz laguntzen. Lagundu behar zaionari laguntzen egongo naiz, geuri ere laguntzen diguten lez.
Asko aldatu dira jaiak?
Bai, asko. Lehen, gehiago edaten zen arren, giro sanoagoa zegoela esango nuke.
Zelan gozatuko dituzu jaiak?
Lagun artean txikito pare bat hartuta hasiko ditut jaiak. Bazkariak ere izango ditut elkartean, eta karakolak prestatuko ditut Mesoi tabernan. Arabarrek bakarrik ez, geuk ere jango ditugu karakolak!
Egin pregoilari lana: zer esango zenieke auzokideei?
Ondo pasatzeko eta borrokarik ez egiteko. Nahikoa da hori.