Abadiñoko Udalak psikobonoak programa indartu eta arreta psikologikorako sarbidea handitu du

Anboto 2025ko mai. 1a, 10:51

2025era begira 15.000 euroko aurrekontua izango du ekimenak, eta 250 bono eskainiko dituzte prezio murriztuan. Beharrezkoa izango da Abadiñon erroldatuta egotea. 

Herritarren osasun mentalaren zaintzan lanean jarraitzen du Abadiñoko Udalak, eta 2025era begira, psikobonoak programa indartu eta zabaldu du. 

Udaletik jakitera eman dutenez, berrikuntza handienetako bat gazteei begira egin dute: 14 eta 18 urte arteko gazteek psikobonoak eskatzeko aukera izango dute, inolako ingresorik justifikatu beharrik gabe. Era berean, egoera zaurgarrian dauden pertsona helduak, desgaitasunen bat dutenak, dependentzia edo lanerako ezintasuna dutenez euren familia-unitatearen menpe daudenak, besteak beste, diru-sarrerak justifikatzeaz salbuetsita egongo dira.

Proiektuan interesa duten gainerako herritarrek irizpide ekonomiko jakin batzuk bete beharko dituzte familia-unitatearen eta urteko diru-sarreren arabera:

  • Pertsona bakarra: urteko diru-sarrerak 20.500 euro baino txikiagoa izan behar du.
  •  Bi pertsona: urteko diru-sarrerak 26.500 euro baino txikiagoa izan behar du.
  •  Hiru pertsona: urteko diru-sarrerak 29.000 euro baino txikiagoa izan behar du.
  • Lau pertsona edo gehiago: urteko diru-sarrerak 31.500 euro baino txikiagoa izan
    behar du.

Psikobonoen onuradunek bost euro ordaindu beharko dituzte saio bakoitzeko, eta udalak 60 euroko diru laguntza emango du. “Osasun mentalaren inguruan estigma handia dago oraindik, eta horiek apurtzeko apustua egin nahi du udalak. Arazo emozionalak ikusarazi nahi ditugu, horiei buruz arduraz hitz egin, eta herritar guztiek arreta profesionala jasotzeko aukera izan dezatela bermatu, adina edo egoera edozein dela ere. Programa hau ez da tresna bat soilik, aukera bat baizik, herritar guztiek  ongizate emozionala zaindu dezaten", azaldu du Edurne Maguregi Gizarte Ongizateko zinegotziak. Horrez gain, gaineratu du, ongizate emozionala erdigunean jarriko duten politikak bultzatzen jarraituko duela udalak: "gure osasun mentala zaintzea gure bizitzak zaintzea da". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!