Arratsalde honetan, jaiak ospatzeari ekin diote Traña-Matienan. Euria ez da oztopo izan, eta auzoko kuadrillek ez diote urteroko erritualari hutsik egin. Arratsaldeko 19:00ak aldera, Bodeguilla tabernaren parera eraman dute Donien Atxa, eta enborragaz tabernako horma hiru aldiz kolpatu eta gero ekin diote ohiko bideari: arbola sorbalda gainean hartu eta elizaren aurrealdera eraman dute, kalejiran, Sama Siku txarangak lagunduta eta Iluntze dantza taldeko dantzariek babestuta.
Ekitaldian, aurtengo jaietako pertsonaia zein den argitu dute jai batzordeko ordezkariek. Aurten, Fermin Zubero omendu dute: "Gaztetatik hasi zen jaiak antolatzen, eta kuadrillek urte askoan hartu dute Donien Atxa haren terrenoetatik. Sekula ez du trukean ezer eskatu. Adinekoen bazkariak txokoetan egiten zirenean ere, antolakuntza lanetan laguntzen zuen. Gainera, gaur egun ere ekintzak antolatzen jarraitzen du, Geredixa mikologia elkarteko presidentea da-eta", azaldu du Monika Iglesias jai zinegotziak.
Fermin Zuberok iaz omendutako pertsonaien eskuetatik jaso du aurtengo oroigarria, Banarte antzerki taldeko kideen eskuetatik. Ondoren, Iluntze dantza taldeko kideek ohorezko agurra egin diote. Azkenik, auzoko kuadrillek Donien Atxa igo dute Laubideta, Zubibitarte eta Trañabarren kaleen arteko bidegurutzean.
Traña-Matienako auzotarrek aspaldiko jairik luzeenak izango dituzte aurten. Maiatzaren 11ra arte, Donien Atxa behera bota arte, zer ugari egongo da auzoko plaza eta kaleetan.