Nesketan, Abadiñoko mendi korrikalariek erakustaldia eman dute Zubiriko (Nafarroa) mendi lasterketan, Nafarroa Xtreme probaren VIII. edizioan. Ultratrail distantziako Euskal Herriko txapelketa jokatu da bertan, 68 kilometroko ibilbide lupeztu batean, dena GR-322 ibilbidean zehar, eta Euskalmushing taldeko Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarra izan da 2025eko txapelduna (8.59.41). Azkorbebeitiaren atzetik Gaikar taldeko Ainara Arkarazo gaztea sailkatu da (9.06.24), bera ere abadiñarra, eta Gaikar taldeko Oihane Unzaluk osatu du podiuma (9.29.57). Beraz, hiru abadiñar podiumean. Euren herriko jaiak dira laster, sanprudentzioak lehenengo, asteburu honetan bertan, eta santrokazak gero, eta, Nafarroa aldean lehenengo suziria jaurtita, ondo merezita dute parranda.
Hori bai, Zubiriko lasterketan, hiru korrikalari abadiñarren aurretik Pauly Joselyne frantziarra helmugaratu da (8.49.02), gaurko irabazlea, baina Pauko korrikalariaren sailkapenak ez du eraginik Euskal Herriko txapelketan.
Mutiletan, Iraitz Legorburu getariarrak irabazi du proba (6.53.12), eta Euskal Herriko txapela. Luken Zamakona otxandiarra izan da Durangaldeko lehenengo sailkatua (8.38.59). 26. postuan helmugaratu da.
600 bat korrikalarik parte hartu dute lasterketan, eta Adi (1.456 m), Saioa (1.458 m), Zuriain (1.408 m), Goitean (1.235 m) eta Baratxueta (1.150 m) mendiak igo dituzte.