Saibigaineko batailaren 88. urteurrenean, bertan bizia galdu zuten gudariei eta milizianoei omenaldia egin diete gaur goizean zenbait senidek. 'Mendi odoltsua' bezala egin zen ezagun mendi hori, 1937ko apirileko borrokaldietan bizia galdu zuten gudarien eta milizianoen kopuru altuagatik. Bediaga familiak antolatu du ekitaldia, eta hainbat senide eta ordezkari batu dira bertan. Goizeko hamarretan irten dira Urkiolatik, eta, tontorrean, minutu bateko isilunea eta lore eskaintza egin dituzte, Abadiñoko Udalak prentsa oharrean azaldu duenez.
Ikerketa betean
Abadiñoko Udalarentzat ikerketa bat bultzatu du Udalak, Gerediaga elkartearekin lankidetzan. Eskuragarri baina sakabanatuta dagoen informazio guztiarekin, azterketa global bat egitea dute helburu. Era berean, Euskal Prospekzio Taldea Saibigain inguruan ari da lanean: 1936ko
gerrako hiru borrokalariren gorpuzkiak aurkitu dituzte tontorretik gertu. Hezurrez gainera, beste arrasto batzuk ere topatu dituzte: metraila hondarrak, munizioa eta objektu pertsonalak, besteak beste .Lekukotzen arabera, 1937ko apirilaren 6tik 15era bitartean izan zen Saibigaingo gudua.