"Jendea gogotsu etortzen da Aterpeko kontzertura"

Anboto 2025ko api. 21a, 10:20

Aterpe txokoko zortzi elkartekideak. ATERPE TXOKOA

Euren kontzertuak ez dira jai batzordearen egitarauan agertzen, ezta txosnagunekoan ere. Alabaina, leku propioa egitea lortu dute Traña-Matienako jaietan. Aurten ere, Aterpe txokoko kideek kontzertuak antolatu dituzte jaiez eta lagunarteaz gozatzeko

Jaietako bigarren zapatuko arratsaldean Aterpe taberna zenaren aurrealdera doanak honako hau ikusiko du: eszenatokirik behar ez duten rock musikariak kalean, eta lagun arteko parranda giro alproja. Aterpe txokoko kideak orain urte batzuk hasi ziren, haien kabuz, kontzertuak antolatzen, eta, urteak joan urteak etorri, sanprudentzioetan hutsik egiten ez duen hitzordua bihurtu da eurena. "Beti gura izan ditugu gauzak geure erara antolatu, loturarik barik. Eta auzoko jaietako hau ere horrela hasi zen; behin, rock talde bat kontratatu genuen ezkontza baterako (The Artichokes), eta taldea gustatu zitzaigula ikusita, Traña-Matienako jaietan gure txokoaren aurrean kontzertua ematera gonbidatu genituen musikariak", azaldu du Aterpeko Oscar Lacambrak. Lehenengo aldi hartatik hona bederatzi urte pasatu dira eta ohitura hori urtero-urtero berritu dute, musika taldeak aldatuta. "Hori bai, beti izan ditugu rock doinuak lagun, horixe da-eta gutxi gorabehera eskaintzen duguna, rock bertsioak egiten dituztenen kontzertuak", azaldu du Txitxo Villarrek: "La Polla Records, Barricada, Iron Maiden eta halako taldeen kantuak jotzen dituztenak". Aurten, The Artichokes talde gasteiztarrak eta Baske Street Boys talde abadiñarrak izango dira Aterpe txokoaren aurrealdean. "Lagun arteko giroa sortzen da beti, hurbila, sanoa. Aurtengo kontzertua ere, aurrekoen antzera, itzela izango da. Jendea oso gogotsu etortzen da hona", adierazi du Villarrek. 

Paella jan osterako plana
The Artichokes, Baske Street Boys eta kontzertura bertaratzen direnen parranda giro alproja maiatzaren 10ean hasiko da egosten Aterpe txokoaren aurreko patioan, 17:30 aldera; paellen eguneko arratsaldean, hain zuzen ere. "Hona datorrenak primerako arratsalde-pasa egingo du. Gainera, zuzeneko musikak beti sortzen du ikusmina. Jendea entzutera eta ondo pasatzera dator. Hori ere nabarmentzeko modukoa da", amaitu du Lacambrak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!