Estatutuen arabera taldea 1993an sortu bazen ere, herriko txistulariek ia mende erdi daramate San Prudentzioetan kalejirak egiten. "Jai hauek egiten hasi zirenean hasi ginen kalejiran irteten, nik soldadutza egin ostean edo, 1977aren bueltan. Urteko lehenengo jaiak ziren hemen inguruan eta arrakasta itzela zuten. Bost-sei kalejira-edo egingo genituen", azaldu du Arkarazo beteranoak. "Zezenik egon barik ere, zezenak makina bat bider harrapatutakoak gara gu kalejirara joaterakoan", diote barre artean Uriak eta Iturriagaetxebarriak. Perezek pandemia betean egin zuen lehenengo kalejira Txanbolin taldeagaz.
Zu, Sugar, geroago hasi zara txistua jotzen.
Sugar Perez: Orain zazpi bat urte hasi nintzen ikasten, Josugaz. Lehenengo kalejira Korrika batean egin nuen, baina, Trañan, pandemian egin ziren 'ez jai'-etan jo nuen lehenengoz. Arraroa izan zen, baina oroitzapen polita dut.
Miriam Uria: Aurpegian pantailak ipinita jo genuen urte horretan, eta Ertzaintzarengana joan behar izan genuen aurretik, baimena eskatzera.
Xabier Iturriagaetxebarria: Jende dezentek eskertu zigun hori, egia esanda.
Zelan hartu duzue txupina jaurtitzeko gonbidapena?
M. U.: Eskertzekoa da gutaz gogoratzea. Mikel Azkarraga kideak idatzi du pregoia, eta, eskerrak emateaz gainera, txistu mundua gainbehera doala ere gogoratuko dugu, eta gazteei taldera batzeko gonbita egingo diegu. Orain kide berri bi ditugu, Aiur eta Alluitz gaztetxoak, biak danborrariak. Denon artean taldeak aurrera egingo du. Kandeleridxo kantak dioen moduan, akerrak ere joko du txistua, eta astoak danbolina, idiak eta herriko enparauek dantza egin dezaten. Pregoian hori eta gauza gehiago esango dugu.
Josu Arkarazo: Txistulari gazteak badaude egon, maila ona dutenak gainera, baina gero plazara irteten ez badira...
S. P.: Orokorrean, ez dago ez txistulari ez atabalari asko, ez kontserbatoriokoak ez plazakoak, eta horrek ez du kontua errazten.
Zelan joango dira aurtengo jaiak?
M. U.: Aurten kalejira bi ditugu: maiatzaren 1ean eta jaietako azken domekan. Jai Zale txistulari taldearen kontzertua egongo dela aprobetxatuta egingo dugu bigarren kalejira hori.
S. P.: Mikelegaz batera San Prudentzio bezperan ere joko dut nik, Donien Atxa jaso aurretik, eta Iluntzeren dantza saioan.
Aldatu egin dira kalejirak sasoi batetik hona?
M. U.: Lehen, kalejira gehiago egiten genuen, eta askoz ere lo gutxiago eginda gainera. Baina umore onez beti.
X. I.: Kalejiran hamarretakoa egiten dugu; txahala erretzen dutenengana joan, Geu Bekoak bisitatu... Kalejirak jaiak bizitzeko beste modu bat dira.
J. A.: Gaur egun, goizetan ez da batzen sasoi bateko jendetza. Makina bat banango dantzatu dute Amatxin gugaz (barrez).
Auzo desberdinetakoak izanda, baduzue pikerik?
S. P.: Nik daramat denborarik gutxien taldean, apenas dakit txistua jotzen, eta, hala ere, behin eta berriro gonbidatzen naute jotzera. Ez, ez dago pikerik.
M. U.: Apurtxo bat, bai, baina gatza eta piperra behar ditugulako taldean.
J. A.: Gure gazte denboretan beharbada bazegoen, baina orain apaldu egin da hori ere.