Kakorratza eta artilea esku artean hartuta, dozena bat emakumek hitzordua izaten dute eguaztenero Traña-Matienako Errota Kultur Etxean. Mahai bueltan, berriketaldi ederrean, pare bat orduz artilea lantzen ibiltzen dira. Emakume bakoitzak bere proiektua garatzea da taldetxoaren helburua, elkarri lagunduta eta konpainia eginda.
Baina, azken hileotan, taldea osatzen duten emakume guztiek proiektu bakar bat izan dute esku artean: San Prudentzio jaietan herria atontzeko banderatxoak kakorratzagaz egitea. "Errioxako herri batean oporretan nengoela, artilez egindako jaietako banderatxoak ikusi nituen. Ideia polita iruditu zitzaidan eta taldekideei geuk ere horrelako zeozer egitea proposatu nien. Ondoren, udalagaz hartu-emanean jarri ginen. Ondo iruditu zitzaien, eta artilea eurek ordainduko zigutela esan ziguten", azaldu du taldeko kideetariko batek. Harrezkero, kakorratz taldeko kideak proiektu bateratu batean lanean ibili dira eguaztenero-eguaztenero.
Emaitza esku artean dute dagoeneko. 170 banderatxo egin dituzte. "Oso pozik gaude emaitzagaz, eta desiratzen gaude herriko kaleetan ikusteko", esan dute.
Bestalde, udalak banderatxoak kale nagusian eta eskolan ipiniko dituela azaldu dute. "Guri ondo iruditzen zaigu, baina zaharren egoitzako tabernan ere batzuk ipintzea gustatuko litzaiguke. Ilusioa egingo liguke", gaineratu dute.
Behin proiektu bateratu hau amaituta, buruan besteren bat ere badutela esan dute. "Herriren batean gabonetako zuhaitza artileagaz jantzi dutela ikusi dugu, eta horrelako zeozer egin dezakegula uste dugu", adierazi dute.