Zelaietako probalekua aisialdirako gune bezala egokitzeko, prozesu parte hartzaile bat abiatuko dute

Anboto 2025ko api. 7a, 08:30

Lehenengo saioa eguenean egingo dute, 18:00etan, Txanporta Kultur Etxean. Presentzialki ez ezik, internet bidez ere jasoko dituzte proposamenak; maiatzaren 5a bitartean.

Abadiñoko Udalak herritarren ikuspuntuak bildu nahi ditu Zelaietako probalekua aisialdirako gune bezala nola egokitu erabakitzeko. Prozesuaren fase desberdinak aurkeztuko dituzte lehen saio parte hartzailean, eta herritarren ideiak eta proposamenak ere bilduko dituzte. Gainera, aurrez aurreko jardunaldi bat egingo dute probalekua erabiltzen duten kolektibo desberdinekin, euren iritziak ere aintzat hartzeko: kirola, kultura, hezkuntza, auzo elkarteak...

Bigarren saio parte hartzailea, berriz, maiatzaren hasieran izango da: ordura arteko proposamenak aztertzen eta zehazten hasiko dira. Ondoren, udaleko teknikariek hilabete bat izango dute proposamenen bideragarritasuna aztertzeko eta egingarria den ala ez erabakitzeko.

Egingarriak diren proposamenak uda aurretik aurkeztuko dituzte, hirugarren saio parte hartzailean, eta orduan erabakiko dute zein proposamen lehenetsiko duten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!