Ainhoa Urienek liburu berria kaleratu du: 'Ehun zaldi trostan'

Aritz Maldonado 2025ko mar. 27a, 17:30

Idazle abadiñarrak "nobela traza duen ipuin liburu" lez definitu du bere bigarren lana; Ignacio Aldekoa literatura sorkuntzako beka irabazi osteko "bulkadagaz" idatzi eta publikatu du Ehun zaldi trostan, Elkar argitaletxeagaz.

Ainhoa Urien (Abadiño, 1995) idazleak "nobela traza duen ipuin" lez definitu du Ehun zaldi trostan, bere azken sorkuntza. Oraintsu aurkeztu du, hain zuzen ere, Ignacio Aldekoa literatur beka irabazita idatzi duen liburua. "Ia urte bi pasatu dira lehenengo ipuinaren ideia izan nuenetik, eta ipuin hori ere Ehun zaldi trostan deitzea erabaki nuen", azaldu du Urienek. "Liburua ezin da ulertu lehenengo ipuin hori barik. Bertako giro, usain, hartu-emanek sorturiko unibertso horietatik sortu dira gainerakoak; autonomoak dira, elkarreraginean indar handiagoa duten arren", argitu du Urienek. Idazketa prozesuari buruz, idazteko izan duen denbora "mugatua eta baldintzatua" izan dela azpimarratu du. "Zerbait egiten ahalegindu banaiz, dialektika batzuk esploratzen eta atzean dituzten ustezko dikotomiak kolokan ipintzen izan da", borobildu du aurkezpena Urienek. Maiatzean Durangoko Hitz liburu dendan aurkezpena egingo duela aurreratu du.

Arabako Foru Aldundiak, euskarazko literatura sorkuntza sustatzeko, ipuin modalitatean sortu zuen Ignacio Aldekoa beka; hain zuzen ere, Urienek 8.000 euro jaso ditu beka irabazita. Ainhoa Urienek 2020an kaleratu zuen bere lehenengo liburua, Poesia zaurien ukendu (Xabier Leteren arrastoan) saiakera. Ehun zaldi trostan narraziogintzan egindako lehenengo lana du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!