Zer sentsazio utzi dizkizu horrelako proba gogor bat amaitzeak?
Oso emotiboa da. Ondo prestatuta egon arren, zortea izan behar duzu, ez jausteko, osasunak laguntzeko, arazo tekniko larregirik ez izateko… Gero, proba honetan uragaz eta janariagaz ere kontuz izan behar da, sabela zaintzeko. Gainera, muturreko eguraldia izan dugu: egun bitan 40 gradu, eta beste bitan euri asko. Horiek denak gainditu eta helmugara heltzeak poz handia ematen du.
Iñaki Antxia abadiñarrak ez zuen zorte handirik izan. Biek elkarregaz egin behar zenuten lasterketa. Zer gertatu zen?
Entrenatzen genbiltzala, kolpe handia hartu eta eskumuturra apurtu zuen. Hasieran, larriagoa zela pentsatu nuen, eta, tira, gaitzerdi. Han bertan ebakuntza egitea gomendatu zioten, baina ez geunden ziur eta lehenago bueltatu zen etxera.
Hasieratik argi izan zenuen bakarrik jarraituko zenuela?
Bai. Iñakiri laguntzea zen nire lehentasuna, baina bere kabuz baliatzeko kapaz zela ikusitakoan, jarraitzea erabaki nuen. Behin haraino joanda, nahiko argi nuen jarraitu egingo nuela.
Beraz, bakarka zenuen lasterketa.
Bai. Hiru txirrindulari hasi ginen bakarka, baina zerrenda asko luzatu zen azkenerako.
Nik 160 zenbatu ditut.
Makina bat azkenean! Denek bikoteka eman zuten izena, eta bajak izan ahala bakarkako zerrenda handituz joan zen. Horregaitik diotsut zortea ere behar dela proba amaitzeko, batetik zein bestetik.
Bakarrik jarraituta, zelan aldatu zitzaizun lasterketari aurre egiteko modua?
Epic Race binaka egiteko dago pentsatuta, batak besteari lagunduta. Elkarregaz joatera behartzen zaituzte. Transpondedor bategaz kontrolatzen dute kokapena, momentu denetan. Asko jota, minutu biko aldea egon daiteke bien artean. Beraz, bai, bakarka gauzak aldatu egiten dira. Norbere erritmoa aurkitzea da kontua. Gero, norberak bakarrik atera behar ditu babak eltzetik. Zorionez, ez dut matxura askorik izan. Hiru-lau zulatu izan ditut, baina hori gutxienekoa da. Konpondu eta aurrera.
Bakarrik geratu zirenen artean aliaturik egin zenuen?
Gurago izan dut neure kontura ibili. Egunek aurrera egin ahala, betikoekin elkartzen zara lasterketan, aurrerago edo atzerago, baina ez dut inogaz aparteko loturarik izan.
Ibilbideari erreparatuta, barikukoa izan zen etaparik gogorrena: 103 kilometro eta 3.050 metroko desnibel positiboa.
Horixe izan zen etapa nagusia, bai, baina niri gogorragoa egin zitzaidan hurrengo egunekoa, zapatukoa. Euripean egin genuen, lupetz artean, ibilbide deserososan, gora zein behera, eta asko sufritu nuen.
Gurago duzu bero handia egitea?
Ez dakit zer esan! (barrez) Euriagaz pasatu nuen txartoen, baina beroagaz ere larri ibili nintzen. Justu samar ailegatu nintzen anoa gunera. Haimar Zubeldia puntu horretan erretiratu zen, bero kolpe batek jota. Atera kontuak hortik! Bero handiegia egin zuen, denontzat.
Momentu txarretan non bilatzen da aurrera egiteko indarra?
Esperientziak lagundu egiten du. Badakizu momentu txarrak pasatuko dituzula. Burua engainatzen ahalegintzen zara, eta zeure buruari jakinarazten krisialdiaren ondoren beste era batera pentsatuko duzula.
Zelako garrantzia du elikadurak?
Handia. Laburbiltzeko erraza da: ezin da arrozik eta pastarik falta. Horixe da gasolina nagusia; barazki apur bategaz, zaporea emateko. Kanpamentu barruan haragia ere izan dugu: oilaskoa gehien bat. Gauza berdina jaten nekatuta amaitzen duzu, baina beharrezkoa da indarra izateko.
Gertatu zaizu anekdota kuriosorik?
Atariko etapan abeltegi handi baten erditik pasatu ginen: alde batean behiak, bestean traktoreak eta erditik gu. Kuriosoa izan zen. Beste behin, ur gaineko pasabide batetik laku bat zeharkatu genuen.
Sufrimendu uneak alde batera utzita, zeintzuk dira horrelako erronka baten alde onak?
Hasierako ilusioa eta amaierako satisfazioa. Beharbada momentuan bertan ez, baina bai egunak pasatu eta gero, emozio guztiak barneratzen zoazen neurrian. Proba amaitzeak motibatu egiten nau gauza berriei begira.
51 urtegaz, horrelako erronka asko ikusten duzu aurretik?
Egia esanda, bai. 51 urte ditut, baina ez dut sentitzen gauzak egiteari utzi behar diodanik zenbaki bategaitik. Gustura sentitzen naiz eta gorputzak laguntzen didan bitartean aurrera jarraituko dut.
Aurten baduzu beste erronkarik?
Hiru probatan eman dut izena. Lehenengoa Valentzian da, ekainean, Gigante de Piedra izenekoa. Mendi bizikletan 200 kilometro dira, 6.500 metroko desnibel positibokoa. Hurrengo astean, Irati Xtrem proban parte hartuko dut. Azkenik, Gasteiz inguruko batean ibiliko naiz.