Traña-Matienako egoiliarrentzako gunea, Abadiñon matrikulatutako ibilgailuentzat

Maialen Zuazubiskar 2025ko mar. 27a, 13:31

Maiatzean egoiliarrentzako guneen proba pilotua martxan ipiniko dute Traña-Matienan; doakoa izango da. Eta auzoko komertzioa indartzeko, TAO sistema Zubibitarte eta Trañaetxoste kaleetara zabalduko dute. Abadiñoko Udaletik jakitera eman dute duela urtebete inguru hasi zirela aparkalekuen gaia aztertzen. 

Autoa Traña-Matienan aparkatzea arazo bihurtu da herritarrentzat, eta Abadiñoko Udalak soluzio bat eman gura dio horri. Hori horrela, maiatzaren amaieran proba pilotu bat martxan ipiniko dute aparkalekuak egokitzeko egoiliarrentzat. Proba pilotu hau urtarrilaren 1era arte egongo da indarrean, eta gune berri hauek auzoan izango duten eragina aztertzea da asmoa. Gune hauetan, Abadiñon matrikulaturiko ibilgailuek aparkatu ahal izango dute, doan. Baldintzak betetzen dituzten herritarrei etxera bidaliko diote autoan ipintzeko pegatina.

Bestalde, salbuespenezko kasuetan behin-behineko baimena eskatzeko aukera ere egongo da. Besteak beste, ohiko ibilgailua matxuratzen denean, senideren baten zaintza lanak egin behar direnean edota renting edo leasing autoak dituztenak ohiko gidariak direla demostratzen denean. Kasu hauetan, herritarrek beraiek egin beharko dute txartelaren eskaria udal bulegoetan.

"Aparkalekuaren problematikari konponbidea ematea da gure helburua, Zubibitarten aparkaleku bat egiteko lanak aztertzen ditugun bitartean. Proba pilotuaren ondoren, herritarrekin elkarlanean hartu beharko ditugu erabakiak", adierazi du Mikel Urrutia alkateak.

Horrez gainera, auzoko komertzioei eta ostalariei bultzada emateko, egungo TAO sistema Zubibitarte eta Trañaetxoste kaleetara zabalduko da. Kale horietan ordubetez aparkatu ahal izango da. Era berean, merkatari eta ostalariek gune hauetan aparkatu ahal izango dituzte euren jardunerako ibilgailuak lanean dabiltzan bitartean. "Badakigu zein garrantzitsua den merkataritza eta ostalaritza Abadiñorentzat. Berregituratze honetan, xehetasun guztiak kontuan izan ditugu, inorentzat eragin negatiborik izan ez dezan", gaineratu du Edurne Maguregi alkateordeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!