Lokalak etxebizitza bihurtu ahal izango dira Abadiñon

Anboto 2025ko mar. 26a, 15:06

Etxebizitzaren gaia notizia da azken boladan Abadiñon. Orain pare bat aste, gobernu taldeak prentsa ohar baten bitartez jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzagaz elkarlean alokairuzko 130 etxebizitza publiko eraikitzeko prozesua hasiko dutela. Orain, beste pauso bat eman dute etxebizitzaren arazoari konponbidea emateko. 

Martitzeneko osoko bilkuran, herriko zenbait lokal etxebizitza bilakatzeko ordenantza onartu zuten EH Bilduren, Abadiñoko Independienteen eta EAJren aldeko botoekin. "Uste dugu gaurko ordenantza hau oso garrantzitsua dela Abadiñorentzat, mugarri historiko bat. Gainera, jasangarritasunaren ikuspuntutik oso ona da, egun existitzen diren eremuei ematen ez zaien funtzio bat ematen zaielako horrela", azaldu zuen Mikel Urrutia alkateak. 

Osoko bilkuran Jose Luis Navarro Hirigintza zinegotziak azaldu zuenez, ordenantza hau "berezia" da. "Abadiñok hainbat herrigune du eta bakoitza mota batekoa da. URAk esango du zein lokal bihurtu daitekeen etxebizitza eta zein ez, batzuetan uholde arriskua egongo da eta", gaineratu zuen Navarrok.

EAJko zinegotziek ere begi onez ikusi zuten ordenantza, eta honen alde bozkatu zuten. Hala ere, etxebizitza hauek "gehienezko prezio bat" izango zutela uste zutela adierazi zuten "Eta ez da horrela izango", gaineratu zuten.

Arrazoi hori dela eta, Francisco Antonio 'Patxo' Campo PSE-EEren zinegotzia abstenitu egin zen. "Lokaletako etxebizitzen prezioa mugatua izango zela uste genuen, eta horrela izango ez denez, abstenitu egingo gara", esan zuen.

Obra-lizentziaren prozedura
Abadiñoko Udaletik azaldu dutenez, obra-lizentzia udaletxean eskatzen denean hasiko da lokala etxebizitza bihurtzeko baimena emateko prozedura. Prozedurari hasiera emateko eskaerarekin batera, lokala etxebizitza bihurtzeko proiektu bat aurkeztu beharko da, teknikari eskudunak sinatua, eta, beharrezko dokumentuak aurkeztuta. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!