"Herritarrek eurek eman diote bizia tabernari, apurka"

Aitziber Basauri 2025ko mar. 16a, 10:30

Ander Alberdik (Elorrio, 1984) iazko San Blas egunean zabaldu zuen Zelaietako Jubilatuen Taberna. Bertan, adindunak, nagusiak, gazteak eta umeak batzea lortu du

Catering enpresa batean sukaldari lana utzi, eta bide berri bati ekin zion Ander Alberdik iaz, Zelaietako Jubilatuen Tabernan. Izandako harreragaz pozarren eta eskertuta dagoela azaldu du.

Zelan joan da urtea?
Ikusgarri! Ez gara geratu ere egin. Lehenengo hileak oso gogorrak izan ziren, neu bakarrik nengoelako. Baina irailean lantaldea handitu, eta eskaintza zabaltzen hasi gara. Jendearen erantzuna egundokoa izan da.

Ondo hartu zaituzte herrian.
Itzelean! Aita eta aitita abadiñarrak dira, gainera. Herriko beste bat lez hartu naute.

Norabide aldaketa handia izan zen taberna hartzea. 
Bizitzako erabakirik zentzubakoenetariko bat izan zen, logikatik begiratuta behintzat (barrez). Kontratupean egoteak ematen dizun segurtasuna utzita hartu nuen jubilatuen taberna. Saltoa ematera ausartu nintzen, pentsatuz ondo irten ezean beti izango nuela sukaldean lan egiteko aukera. Ea herrian taberna bat eraman nuen, lehiaketa publikoan hartuta orduan ere, eta esperientzia ona izan nuen, lantaldeagaz ere bai. Gustatzen zait neure kabuz aritzea. 

San Blas egunez zabaldu zenuen.
Bai, azken 40 urteetako San Blas egunik onenean! Hasiberria nintzen ni. Eta azkena izan nintzen taberna ixten.

Jubilatuen taberna den arren, askotariko bezeroak dituzu.
Aniztasuna eta pluraltasuna gustatzen zaizkit, beti ere albokoa errespetatuta. Denentzat zabalik dagoen taberna da: helduak, gazteak, umeak, txakurrak... jai giroan zein karta-jokoan egoteko. Lehenengo egunetik egunkari guztiak ditut, eta, auzoko premiei erantzun guran, ogia saltzen dut domeketan. Niretzat ezinbesteko bezeroa dena, jubilatua, ondo mimazen dut, detailezalea naiz. Jatekoagaz ere bezero asko erakarri dudala esango nuke. Herritarrek eurek eman diote bizia tabernari, apurka. Giro polita sortzea lortu dute. Hori baino ederragorik eta osasuntsuagorik!  

Kontzertuak dituzue hilero. 
Bai. Herriari begira askotariko ekintzak antolatzen ahalegintzen naiz. Baita herriko elkarteekin kolaboratzen eta herriaren bizitasunean parte hartzen ere. 

Lan handia da denak pozik izatea?
Ez! Lanean asko gozatzen dut eta asko jasotzen dut bueltan bezeroengandik. Adibidez, landare zimelduren bat eraman dute inoiz tabernatik, eta bizi-bizirik ekarri; zurezko totem bat ere egin digute. Taberna eraikitzen parte hartzen dute bezeroek. Pozarren nago.

Errazioak eta pintxoak ez ezik, asteburuan afariak ematen dituzue.
Bariku-zapatuetan hanburgesak ditugu. Eta enkarguz bada, denerik dugu: paella, arraina, tartar-a, foie-bonboia..., sukalde txikia dugun arren. Asteburuetan, txibierroek eta zamburiñek arrakasta handia dute. 

Zein asmo duzu aurrera begira?
Taberna mantendu eta finkatzea; hobetzen joatea. Bertako ekoizleentzat gune bat sortu gura dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!