Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketako hainbat txapeldun Abadiñon erabakiko dira. Lehenengo hitzordua zapatu honetan da, 17:00etan, Traña-Matienako kiroldegian. Final bi daude: gizonetan 560 kilora artekoa, eta emakumeetan 500 kilora artekoa.
Gizonetan zazpi talde lehiatuko dira: Abadiño, Beti Gazte, Ibarra, Ñapurrak, Zuraide, Berriozar eta Txantrea. Beti Gazte da irabazteko faborito nagusia. Lesakako taldeak txapelketa asko irabazi du azken hiru-lau urteetan. Abadiñok podiumaren borrokan ibiltzea du helburu. Denboraldiko lehenengo domina litzateke, aurten hainbat bider laugarren geratu eta gero. Iaz brontzea irabazi zuen pisu honetan. Emakumeetan laugarren postua dute helburu, baina podiuma baztertu barik. Beti Gazte eta Ibarra gehiago dira gaur egun, eta Txantrea ere koskatxo bat gorago dago aurten, baina abadiñarrak sorpresa ematen ahaleginduko dira.
Martxoaren 29ko finala
Martxoaren 29an, 17:00etan, 23 urtez azpiko finalak jokatuko dira Zelaietako probalekuan. Aurreko urteetan, Abadiñok urrezko domina asko irabazi du maila honetan. Aurten lehia handiagoa dago eta Abadiñok dominen borrokan aritzea izango du helburu.