Abadiñoko Udalak arreta ipini dio etxebizitzaren gaiari, eta, prentsa ohar bidez azaldu dutenez, alokairuzko etxebizitza publikoak eraikiko dituzte herrian, Eusko Jaurlaritzagaz elkarlanean. Muntsaratzen eta Zelaietan dauden hiru lursailetan eraikiko dituzte. Zelaietan Solozabal kalean. Partzela horietariko bat, txakurrentzako gunearen ondoan dagoena, udalak Eusko Jaurlaritzaren esku utzi zuen 2008an, bertan etxebizitza publikoak eraikitzeko. Baina, "zenbait arrazoi tarteko", ez da hitzarmena garatu. Udal iturriek azaldu dutenez, hitzarmen hori eguneratu egin da eta alde biek konpromisoa hartu dute lehenbailehen martxan ipintzeko. Hori horrela, alokairu publikoko 54 etxebizitza eraikitzea da helburua, eta lanak 2027an hastea aurreikusten dute.
Bestalde, udalak eta Jaurlaritzak beste konpromiso bat ere hartu dutela azaldu dute, legegintzaldi honetan beste hitzarmen bat sinatzea, beste lursail bietan alokairuzko beste 80 etxebizitza eraikitzeko.
Etxebizitza horiez gain, lursail horietako lokaletan edota Abadiñoko Udalak bereak dituen lokaletan, etxebizitza dotazionalak egiteko aukera ere aztertu dutela jakitera eman du udalak, eta bi aldeek konpromisoa hartu dutela ahaleginak egiteko era honetako azpiegiturak beharrizan hori duten herritarrei eskaintzeko.
"Oso akordio garrantzitsua lortzen ari gara Abadiñorentzat Etxebizitza Sailarekin. Gizartearen beharrizan nagusietako bat da etxebizitzarena, eta alokairuzko etxebizitza publiko hauen bitartez, martxan jarri gura ditugun beste ekimenekin batera, aurrera pausoak ematen ari gara arazoari irtenbidea emateko", azaldu du Mikel Urrutia Abadiñoko alkateak.
Bestalde, Edurne Maguregi Gizarte Ongizate zinegotziak esan du laguntza behar duenari laguntzea "ezinbestekoa" dela. "Ezinbestekoa da laguntza behar duen pertsonari, indarkeriaren baten biktima izan denari edota egoera zaurgarrian dagoenari aukera bat eskaintzea udaletik. Etxebizitza sozialek funtzio hori dute, eta abadiñarrei babesa eta konponbide bat eskaini ahalko diegu”.