Abadiñok kimu mailako nesken futbol taldea izango du datorren denboraldian

Anboto 2025ko mar. 6a, 14:27

Hainbat saio antolatuko dira datozen egun eta asteetan proiektua ezagutarazteko.

Datorren denboraldiari begira, Abadiñon kimu mailako nesken futbol talde bat osatuko dute. Egun, 50 bat neska abadiñar ari dira futbolean, baina eskualdeko beste talde batzuetara joan behar izan dute jokatzera, Biak Bat edota Durangoko Ezkurdi KT-ren taldeetara gehienbat. Azken urteetan, Biak Bat taldeak Abadiñon jokatzeko aukera izan du, eta datorren urteari begira, Abadiñoko hainbat boluntarioren ekimenetik, Abadiñon Kirol Elkartearen eta Udalaren laguntzarekin, herrian talde bat osatuko da. Taldeak benjamin mailako gazteak ere hartzeko gaitasuna izango du, udaleko ohar batean informatu dutenez.

Hainbat saio antolatuko dira datozen egun eta asteetan proiektua ezagutarazteko. Alde batetik, martxoaren 12an, 17:00etan, egitasmoaren azalpena eskainiko da Traña-Matienako eskolan, guraso elkarteen bidez, eta gauza bera egingo da astebete beranduago, martxoak 19, 17:00etan ere bai, Zelaietako eskolan. Horrez gain, apirilaren 2an eta 9an ate irekien jardunaldiak antolatuko dira Astolako futbol instalakuntzetan. Helburua interesa duten gazteek bertaratzea eta bertako instalakuntzak eta eskainiko zaizkien baliabideak ezagutzea da.

Herriko neska futbolarientzat aukera

June Otero, Nahia Marquez eta Lucia Royuela jokalari eta entrenatzaile abadiñarrak dira. Eurek izan zituzten aukeren eta proiektu berriaren inguruan hitz egin dute: “Txikitatik futbolzaleak izan gara. Orain 17-18 urte ditugu, baina hasieran, kanpora joan behar izan ginen, gure herrian ez zegoelako nesken futbol talderik. Horregatik, gure helburua da Abadiñon 7-10 urteko neskek etxetik gertu jolastu ahal izatea futbolean, herrian talde bat izanik".

Abadiño Kirol Elkarteko kideek beso zabalik hartu zuten proiektua: “Udala eta boluntario taldea proposamenarekin hurbildu zirenean ez genuen zalantzarik izan, proiektu honen parte izan gura genuen. Denon artean proiektu erakargarri bat egiteko asmoa dugu. Boluntario taldea klubaren parte izatera pasatuko da eta klubetik gure esperientziarekin aurrera eramateko gogotsu gaude.

Rafa Bilbao Kirol zinegotziaren hitzetan "datozen bost urteetara begira talde gehiago sortu ahal izatea espero dugu; epe horretan kadete mailako talde bat eratzeko erronka jarri dugu, hain zuzen”. Naiara Bildosola Berdintasun zinegotziak nesken futbola indartzeaz hitz egin du: “Biak Bat taldearen proiektua Abadiñora ekarri genuen moduan, herriak baliabide hauek eskaintzea garrantzitsua da gizarte feminista bat izateko bidean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!