Egoiliarren guneen proba pilotua maiatz amaieratik martxan

Maialen Zuazubiskar 2025ko mar. 7a, 09:21

Abadiñoko Udaletik jakinarazi dutenez, proba pilotua izango da. San Prudentzio jaien ondoren ipiniko dute martxan.

Azken urteotan, autoa Traña-Matienan aparkatzea arazo bihurtu da herritarrentzat, eta Abadiñoko Udalak soluzio bat eman gura dio horri. Hori horrela, datozen hileetan, San Prudentzio jaiak pasatu eta gero, egoiliarrentzako guneak egongo dira Traña-Matienan. Gune horietan, abadiñarrek baino ezingo dute aparkatu. Udal iturriek ANBOTOri azaldu diotenez, proba pilotu bat ipiniko dute martxan, "herritarrak babesteko harturiko neurri bat". Behin hile batzuk pasatuta eta herritarren iritzia jasota, hartu beharreko neurriak zeintzuk diren ikusiko dute. 

Mugikortasuna hobetzen
Bestalde, herriko mugikortasuna, garraioa eta irisgarritasuna hobetzeko asmoz, Bizkaiko Foru Aldundiko diputatuagaz eta Bizkaibuseko zuzendariagaz batu da udala, hainbat eskari egiteko. Eskari horietariko bat A3923 lineako (Elorrio-Bilbo) autobusak Muntsaratzen geldialdia egitea da. Gaur egun, linea hori Zelaietan baino ez da gelditzen, eta zerbitzua Muntsaratzeko geralekura zabaltzea eskatu du udalak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!