Elorrio-Bilbo autobus lineak Muntsaratzen geldialdia egiteko eskaria Aldundira eraman du udalak

Anboto 2025ko mar. 5a, 15:48

Herriko mugikortasuna, garraioa eta irisgarritasuna hobetzeko asmoz, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Turismoko diputatuagaz eta Bizkaibuseko zuzendariagaz batu da Abadiñoko Udala, hainbat eskari egiteko.

Eskari horietariko bat A3923 lineako (Elorrio-Bilbo) autobusak Muntsaratzen geldialdia egitea da. Gaur egun, linea hori Zelaietan baino ez da gelditzen, eta zerbitzua Muntsaratzeko geralekura zabaltzea eskatu du udalak. 

Gainera, EHUko Leioako Campusera doan lineaz ere hitz egin dutela jakitera eman dute. "Gertatzen diren pilaketengatik kezkatuta gaude, eta linea hori Muntsaratzen eta Zelaietan geldialdia egiten duten autobusen konexioekin hobeto sinkronizatzea eskatu dugu", azaldu dute. Era berean, Durangaldetik Bizkaiko beste puntu garrantzitsu batzuetara iristeko lineak irekitzea ere eskatu dutela esan dute, hala nola, Loiuko aireportura edo Zamudioko Parke Teknologikora. 

Bestalde, jai egun bezperetarako gaueko garraioa jartzeko eta DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek garraio arloan duten problematikagaz amaitzeko errefortzu bat eskatu dute. 

Horrez gain, autobus geltokien egoeran ere arretra jarri dutela, eta autobusetako aldapekin dauden arazoak, espaloietako kotak, irisgarritasuna... aztertzeko eskaria egin du udalak. 

Aldundiaren erantzunari dagokionez, udalak ohar bidez azaldu du, Aldundiak Abadiñon proba pilotu bat egitea proposatu duela, autobus geltokien arazoari erantzun integral bat emateko. Autobus lineei dagokienez, garraio sistema berria lehiaketara ateratzeko azterketa egiten ari diren arren, eskola-ordutegian linea indartu ahal izateko, Muntsaratzeko konexioa hobetzeko eta EHUra joateko beste autobusen bat jartzeko konpromisoa hartuko dutela. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!