"Hamen nator, Mari kargeria lez karga-karga eindda". Baten bat soinean makina bat poltsagaz edo paketegaz ikusten baduzu eta hori esaten entzuten badiozu, ez dago dudarik: pertsona hori lekeitiarra da. Izan ere, Mari kargeria oso herritar ezaguna izan zen Lekeition. Berezia, ikonikoa, egunero-egunero gurdia hartu eta paketeak herriko kaleetan gora eta behera banatzen zituelako geratu barik. Oraindino ere, zendu zenetik hainbat hamarkada joan diren arren, Mari kargeria bizi-bizirik dago lekeitiarren oroimen kolektiboan. Alabaina, gutxik dakite emakumea Abadiñokoa zena, Sagastako Errekalde baserrikoa, hain zuzen ere. Istorio eta biografia txikiak handi egiteko asmoz, ANBOTO Lekeitiora joan da Mari kargeriaren figura ezagutzera, eta haren alabetariko bat, Bego Goitia, elkarrizketatzera.
Mari kargeria oso herritar ezaguna izan zen Lekeition, baina gutxik dakite sortzez abadiñarra zena.
Halantxik da. Maria Igartua Unzueta zuen izen osoa, baina Lekeition Mari kargeria legez zen ezaguna. Abadiñoko Sagasta auzoan jaio zen, Errekalde baserrian. Bost neba-arreben artean zaharrena zen gure ama. Baserritarra.
Zelan amaitu zuen amak Lekeition?
Amak hamabi urte zituela, bere aita, gure aittitta, hil egin zen, gazte-gazterik. Orduan, amumak dena aurrera ateratzeko zailtasunak zituela eta, gure ama Lekeitiora etorri zen, pariente batzuenera. Ikutza izeneko tabernara etorri zen, Ikutzeneko tabernara, garai hartan Lekeitioko Trinitate kalean zegoen tabernara. Hangoengana etorri zen laguntzera, eta halantxik hasi zen lan mundua ezagutzen, errekaduak egiten. Gero, ba, hemen geratu zen.
Hona etorri eta hemen geratu.
Bai. Gure aita taberna hartan egoten zenez, gurasoek hemen ezagutu zuten elkar, gaztetxotan. Aitak Patxi Goitia Bilbao zuen izena. Hemengoa zen, marinela.
Maria Igartua Unzueta, Mari kargeria, Lekeitioko kaleetan gurdiagaz beharrean. LEKEITIOKO UDALA
Lekeitiko herritarrek ondo gogoan dute zuen amaren irudia: emakume indartsu bat, paketez eta kaxaz beteriko gurdi bat herriko kaleetan gora eta behera garraiatzen. Zelan hasi zen ama banatzaile lanetan?
Santa Katalina kaleko lonja batean hasi zen paketeak hartu eta gurdian banatzen, Gabikarenean. Gaur egun, beste denda bat dago bertan, dena ehunean saltzen duten horietarikoa. Ba, lehenagoko lonja hark kamioi bat zeukan eta kamioia Bilbora joaten zen paketeak ekartzera. Irudikatzen duzu gaur egun Seur eta halako banaketa enpresek egiten duten lan hori? Ba, gure amak horixe egiten zuen Gabikarenean. Gurdia hartuta, lonjara ailegatzen ziren paketeak banatzen zituen herrian zehar. Errekadista zen, eta ez zeukan ez soldatarik, ez kontraturik, ez asegururik. Herritarren eskupekoekin irabazten zuen jornala. Garai hartan ez zegoen furgonetarik eta halakorik. Amak astelehenetik zapatura lan egiten zuen, goizetan. Ezkondu eta gero hasi zen lan horretan. 60ko eta 70eko hamarkadetan zehar lan egin zuen.
Lan gogorra amarena. Kontraturik ez, eta Lekeitioko aldatsetan gora eta behera gurdiagaz.
Gizon bat ere ez litzateke gai izango lan hori egiteko. Gurdia paketez bete-beterik izaten zuen, txuntxurreraino beteta. Batzuetan, kamioien aurretik ere joaten zen gurdiagaz, eta ez zien pasatzen uzten: "Hala! Jo bozinia nahi bozu, ez dotsut itziko pasaten-da! Geuk be pagaten dogu inpuestua udaletxian! Ez zarie pasauko neu jun arte neure tokira!", esaten zien. Ama emakume txikia zen, baina bizkorra. Egundoko malahostia (hostitxarra) zeukan. Horrez gainera, berritsua ere bazen. Denden aurretik gurdiagaz pasatzen zenean, berriketan geratzen zen dendariekin.
Zelan ikasi zuen ogibidea?
Ama banaketa lanetan hasi baino lehenago, edadeko beste emakume bi egon ziren herrian lan hori egiten. Gure ama euretariko bategaz hasi zen beharrean. Haregaz ikasi zuen lanbidea, hara eta hona joaten laguntzen. Halantxik hasi zen bera ere beharrean. Gerora, furgonetak, banaketa-enpresak eta halakoak ailegatu zirenean, lan horiek desagertu egin ziren. Gure ama izan zen Lekeitioko azken kargera.
Eta halantxik, ama jubilatzeagaz batera, betiko lan horietariko bat desagertu zen: kargera lana.
Jubilatzerakoan, amak Gabikarenean utzi zuen gurdia. Ibilgailuaren arrastorik ez dakit non egon daitekeen. Eta, handik aurrera, erretiroa hartu eta gero, jubilatuen etxera joaten zen kartetan egitera. Egun euritsu batean, jubilatuenera zihoala, auto batek harrapatu eta mokorra apurtu zion. Galdakaoko ospitalera eraman zuten, baina handik aurrera ez zuen bururik altxatu. Ez zen errekuperatu, ez zuen berriro ere oinez ibiltzen ikastea lortu.
Urteak joan dira ama zendu zenetik, baina oraindino ere Mari kargeria bada nor lekeitiarren artean.
Bai. Iñakik, oraintsura arte aguazila izan denak, esan izan dit inoiz ez dakit zer eta badakit zer, eta Mari kargeriak omenaldia edo horrelako zeozer behar zuela. Izan ere, halako emakume bat gurdiagaz gora eta behera ikustea... ene! Gizonezkoak eurak ere ikaratuta geratzen ziren! Egundoko indarra zeukan. Oso emakume popularra zen Lekeition, herrikoia.