Abadiñoko Udala eta URA agentzia hitzarmen berri bat sinatzeko puntuan daude. Udalak jakinarazi duenez, hitzarmen honek bide emango du Zubibitarte kaleko eraikinak (Jata lantegiaren ingurukoak) bota eta bertan etxebizitzak egiteko. Gainera, honek, besteak beste Traña-Matiena ingurua uholdeetatik babestea eta 10 urtez geldirik dagoen HAPOaren desblokeoa ere ekarriko duela azaldu dute udal agintariek.
Hitzarmen hau ez da Abadiñoko Udalak eta URAk sinatuko duten lehenengoa izango. Aurreko legegintzaldian, EAJ agintaldian zegoela, erakunde biek beste hitzarmen bat sinatu zuten eta prozesu honi hasiera eman zioten. Mikel Urrutia alkateak hauxe esan du: "Hitzarmen berri honegaz, Abadiñoko Udalak milioi bat euro aurreztu ahal izango du eta Traña-Matienari egun abandonatuta dagoen industrialdearen espazioa itzuliko dio".
Gobernu taldearen asmoa hurrengo osoko bilkuran hitzarmena onartzea da.