Gogoan duzu noiz erre zenuen lehenengo bildotsa burduntzian?
Bai, 16-17 urte izango nituen. Abadiñoko 22 bat laguneko kuadrillari Urkiolara joan eta hango Buenos Aires jatetxean bildotsa jatea okurritu zitzaigun. Hara heldu ginenean, ez ziguten esan, ba, bildotsa erretzeko arduraduna ezin izan zela joan? Lau lagunek elkarri begiratu eta esan genuen: "Emango diogu berotu bat?". Esan eta egin. Gutariko inork egundo ere erreketarik egin barik, bildotsa erre genuen, tabernakoak lagunduta. Mundiala geratu zen; ez zegoen hain ondo prestatuta, baina bildots ha izan zen onena, dudarik barik. Halantxik hasi nintzen, neure kabuz.
Kasualitatez hasi zinen erreketekin.
Irakasle bakarra izan nuen, Lazpita. Berak irabazi zuen Abadiñoko I. Burduntziko Bildots Txapelketa. Orduan ezin izan nuen parte hartu, baina hurrengo urtean bai, Lazpita epaile zela. Orduan esan zidan bildotsa zelan erre erakutsiko zidala.
Inoiz pentsatu duzu erretiratzea?
Zenbatek galdetu ote didate ea noiz utziko dudan, besteei lekua uzteko! Baina gorputzak lagundu bitartean parte hartuko dut.
Zein da sekretua bildotsa burduntzian ondo erretzeko? Gatxa da?
Gatx da bildotsa ondo erretzea burduntzian. Pazientzia behar da, tonaka, eta sua ikatzagaz patxadaz egitea. Beroa tenperatura berean mantentzea da gatxena. Edabea ere garrantzistua da. Ardo zuria, gatza, berakatza eta ozpina erabiltzen ditut.
Txahala eta oilaskoa ere erre izan dituzu burduntzian.
Bai. Eibarko sanandres batzuetan kanalean 880 bat kiloko txahala erre nuen, garabia erabilita. Eta Tabirako jaietan urteetan egin ditut erreketak. Urtean 200 bat bildots erretzera heldu naiz. Abadiñoko sokatira taldearen bitartez, zortzi lagun Olot-era (Herrialde Katalanak) joan ginen, 78 bildots erretzera.
Euskal Herriko Burduntzi Txapelketan ere parte hartu duzu.
Bai, birritan. Ni baino azkarrago ibili ziren eta ez nuen txapelik lortu (barrez). Lehenengora Durangoko Angel Garategaz joan nintzen, eta bere semeak irabazi zuen. Bigarrenean Otxandioko lagun batek irabazi zuen.
Baduzu nori eman testigua, ezta?
Suhiek erreketak egiten dituzte, eta ilobak ere badatoz, astiro-astiro. Pozgarria da. Abadiñon geroago eta gazte gehiago dabil horretan.