Ilusio bereziagaz eta etxekoen babesagaz, domekako taldekako duatloian lan txukuna egiteko esperantza dute Garaiko Triatloi Taldeko kideek. Talde bat baino gehiago lagun kuadrilla den laukote honek open mailan parte hartuko du, talde mistoen kategorian. Garai Triatloi Taldeko kideei ilusio berezia egiten zien etxean, eurek antolaturiko lasterketan, talde misto bategaz lehiatzea. Ondo kostata lortu dute, maila honetan neska bik eta mutil bik osatu behar dute-eta taldea. "Lehenengoz parte hartuko dugu talde mistoagaz. Iaz ez genuen taldea egitea lortu, eta mutiletan parte hartu genuen, federatuen mailan. Aurten, azken momentuan lortu dugu talde mistoa osatzea. Taldean neska federatu bakarra daukagu, baina Andrea prest agertu da domekako lasterketan gugaz aritzeko, eta, beraz, open mailan lehiatuko gara", esan du Oinatz Urtiaga garaitarrak.
San Blas egunean, lasterketarako hamabost bat egun falta zirela, eman zuen baiezkoa Andrea Diaz abadiñarrak. "Gaztetan Mugarra Triatloi Taldeagaz lehiatzen nintzen, baina aspaldi utzi nuen mundu hau. Baina San Blas egunean Martiñek neska bat behar zutela esan zidan, eta ea animatuko nintzen galdetu zidan. Baietz esan nion, birritan pentsatu barik", esan du Diazek.
Hori horrela, domeka honetan, otsailak 16, Garaiko Triatloi Taldeak lehenengoz talde mistoa izango du irteera lerroan. "Taldekideoi ilusioa egiten zigun talde mistoa ateratzea, eta lortu dugu. Orain, apur bat sufritu eta gozatzea besterik ez zaigu geratzen", esan du Martiñe Usabelek. "Herrian triatloi talde bat daukagu, Euskadiko Txapelketa izango den lasterketa antolatzen dugu eta guk talderik ez ateratzea penagarria litzateke", jarraitu du Urtiagak. "Azkenean lortu dugu eta domekan disfrutatzea da gure asmo nagusia. Eta, jakina, ahalik eta ondoen egiten ahaleginduko gara", gaineratu du Aitor Astorkiak.
Etxekoen berotasuna
Oinatz Urtiagak eta Aitor Astorkiak badakite etxean lehiatzea zer den, iaz ere parte hartu zuten eta. Taldeko beteranoak dira eta lasterketako gauzarik politena etxekoen berotasuna dela azpimarratu dute. "Bertakoak gara eta geuk jasotzen dugu animorik gehien. Animo horiek indarra ematen digute", nabarmendu du Astorkiak.
Bestalde, herritarrei eta inguruko herrietako kideei domeka goizean Garaira bertaratzeko deia egin diete. "Ez da duatloi konbentzional bat; jendea ikustera ohituta ez dagoen diziplina desberdin bat da. Oso entretenigarria da, momentu oro jendea plazatik pasatzen dabil eta. Iaz, esaterako, oso lasterketa lehiatua izan zen, azken itzulira hiru talde heldu ziren-eta garaipena lortzeko aukeragaz. Seguru aurten ere ez dela giro onik faltako", esan du Urtiagak.