Zelan parte hartu duzue Txalopin txalo proiektuan?
Amaia Zearsolo: Olatz Petralanda nire errainaren ahizpak esan zigun lehengo abestiak berreskuratu gura zituztela, eta nik bitartekari lana egin nuen taldetxo bat batzeko.
Bakoitzak zuen aldetik zelan landu duzue gaia zuen inguruan?
Pilar Ania: Denoi galdetu ziguten zeintzuk abesti gogoratzen genituen, eta nik neuk gutxi gogoratzen nituen.
Marije Abaunza: Nire seme-alabek 40 urtetik gora dauzkate, eta hainbeste urte joan eta gero gogoratzen nituenak apuntatu nituen. Gero, denok batu ginenean gehiago agertu ziren. Labayrukoek ere lagundu ziguten; beste leku batzuetan zelan esaten den esan ziguten.
Arantxa Abaunza: Nik koinatagaz landu nituen, eta gero, taldean, denon artean gogoratu genituen.
Amaia Zearsolo: Nik kuadrillakoei ere galdetu nien. Jolas batzuk ez nituen oso-osorik gogoratzen.
Zuen inguruan zelan transmititu dizkizuete abesti eta jolas hauek?
A.Z.: Txalopin Txalo, Katalamixon, Atxia motxia eta horrelakoak amamagaz ikasi nituen. 7 urte nituela hil zen arren, akorduan ditut. Besteak eskolan, lagun artean.
A.A.: Nik txikitakoa ez dut gogoratzen. Lobak ditugu 40 urtetik gorakoak, eta etxera zetozenean haiei abesturikoak gogoratzen ditut. Altzoan hartuta, gure amak Txalopin Txalo eta horrelakoak abesten zizkien.
Abesti hauek entzuterakoan zein pertsona edo egoera datorkizue burura?
P.A: Abesti hauetatik gehien kantatu dudana Katalamixon dela esango nuke, abesten nien mugimendu hori ikasi zezaten umeek.
M.A.: Umeak ginenean Urte Barri eta Erregen abestera joaten ginen, eta normalean diru apur bat ematen ziguten.
A.A.: Sasoi hartan mandarinak, mahaspasak, ikopasak eta polboroiak ere ematen zizkiguten. Normalean, ez genuen horrelako jenerorik izaten etxean. Beraz, poltsatxoagaz joaten ginen kantuan, eta gero, jenero guztia etxe bateko mahai baten gainean ipini, eta banatu egiten genuen.
A.Z: Gabonetan eskolatik abestera irteten ginen, eta ematen ziguten diru apurragaz txokolatada egiten genuen. Bizkotxoak jan eta txokolatea hartzen genuen. Etxean ez geneukan horrelakorik. Bestalde, nagusitan umeei abesturikoak gogoratzen ditut. Bueno, ez zen kantua bakarrik. Txalopin txalo eta horrelakoetan mugimendua ere badago eta umeei asko gustatzen zaie.
Abesti hauek leku bakoitzean aldaera desberdinak izaten dituzte. Zuen artean ere izan da desberdintasunik?
A.A.: Liburuan jaso direnak gehienek esaten dituzten eran dira. Guk gauza batzuk beste modu batera esaten ditugu. Batzuetan norberak asmatu ere egiten duela esango nuke (barrez).
Zuen ekarpenari dagokionez, abestirik gehienak gogoratzen zenituzten?
A.Z.: Gehienak, bai. Maritxu teiletako adibidez, ez. Txikiak ginenean ez zen horrelakorik egiten. Gabon-gauean ohituten dogu, adibidez, ez genuen ezagutzen.
A.A.: Kasu batzuetan lehenengo estrofa gogoratzen dugu, baina gainerakoak ez.
Santa Ageda abestera joaten zineten?
A.A.: Nagusiak joaten ziren. Eta guri tokatu zitzaigunerako ohitura galduta zegoen. Orain berriro berreskuratu da.
A.Z.: Gogoan dut soldadutzara zihoazen mutilak kantuan irteten zirela, dirua batzeko. Etxerik etxe etortzen ziren, eta uste dut Santa Ageda abesten zutela Arrazolan.
A.Z.: Abadiñon gabon kantetan etortzen ziren mutilak baserrira, berandu baten. Kopla guztiak batek abesten zituen, eta besteek makilagaz Maria Jose, Jesus Mari Jose estrofa abesten zuten.
A.Z.: Eguen Zuriren kasuan ere, uste dut mutilak joaten zirela abesten.
A.A.: Abestiak ere horrelaxe zioen, ezta?: Eskola mutila ibilteko, limosna on baten bila. Orain, neska-mutilak ibilteko, limosna on baten bila, dio abestiak.
Gaur egun ere ezagunak diren koplak ere jasotzen ditu liburuak?
A.A.: Bai, abesti horiek bazkalosteetan eta afalosteetan abesten ziren lehen. Bat bi hiru eta lau, Txantxibiri eta horrelakoak. Lehen ez zegoen ez telebistarik ez mobilik. Horregaitik asko abesten zen.
A.Z.: Gurean bazkariren bat egiten genuenean, aitak eta bere neba-arrebek asko kantatzen zuten. Josepantoni eta horrelakoak abesten zituzten. Bederatzi neba-arreba ziren, atera kontuak.
M.A.: Ohitura hori galdu egin da neurri handi batean. Bazkari bat izan genuen orain dela gutxi, eta paperak banatu zituzten abesteko.
P.A.: Lehen abesti gutxiago zegoen, eta haretxek abesten genituen. Baina, bai, ohitura hori asko galdu da. Orain, ostera, abesti asko dago.
Hurrengo belaunaldiei abesti hauek transmititu dizkiezue?
A.Z.: Katalamixon eta horrelakoak bai, baina beste batzuekin oraintxe hasi naiz nire lobekin. Tabekin, esate baterako. Aitita Maluteko erakutsi nien eta atoan harrapatu zuten.
Abesti hauek zein balio dute?
A.Z.: Erakutsiz gero jarraituko dute eta transmititu egin behar ditugu, bizirik mantendu daitezen.
A.A.: Garrantzitsua da abestiak diren moduan liburu batean jasota izatea, sarritan estrofa bakarra gogoratzen dugu eta.
Txalopin txalo proiektuaren aurkezpenak herririk herri:
Data |
Herria |
Ordua |
Lekua |
Urtarrilak 10 |
Mañaria-Izurtza |
17:30 |
Jubilatuen gunea (Kultur Etxeko azken solairua) |
Otsailak 7 |
Atxondo |
17:00 |
Eskola zaharreko erabilera anitzeko gelan |
Otsailak 13 |
Abadiño - Zelaieta |
17:00 |
Kultur Etxea |
Otsailak 14 |
Abadiño - Matiena |
17:00 |
Kultur Etxea |
Otsailak 21 |
Berriz |
17:00 |
Kultur Etxea |
Otsailak 27 |
Elorrio |
17:00 |
Ametsola |
Martxoak 6 |
Durango |
17:00 |
Durangoko Bilblioteka |
Martxoak 7 |
Durango |
17:00 |
Durangoko Biblioteka |
Martxoak 14 |
Iurreta |
18:00 |
Kultur Etxea |
Martxoak 21 |
Garai |
18:30 |
Ludoteka edo kultur etxeko gelaren bat |
Martxoak 28 |
Zaldibar |
17:00 |
Liburutegi Zaharra |