Abadiñon 429 etxebizitza huts daudela jakinarazi du udalak

Anboto 2025ko ots. 10a, 16:07

Abadiñoko metabolismo demografikoaren eta etxebizitzaren diagnosia egin du udalak. Herritarrei eguenean, otsailak 13, emango diote honen berri. Errota Kultur Etxean berbaldia antolatu dute. Bertaratzeko deia egin dute. 

Udalerriko metabolismo demografikoaren eta etxebizitzaren diagnosia egin du Abadiñoko Udalak. Gaur goizean, azterketaren emaitzen berri eman dute Mikel Urrutia alkateak eta Jose Luis Navarro zinegotziak. Bertan azaldu dutenez, egun herrian 429 etxebizitza huts daude, eta Etxebide plataformaren bitartez 419 etxebizitza eskaera egin dituzte abadiñarrek. Horietatik 301 alokairuan bizitzeko eskariak dira, eta lau eskaritik bat 36 urtetik urtetik beherako herritarrenak. Gainera, beraiek azaldu dutenez, egun, 18-34 urte bitarteko hamar gaztetik hiru emantzipatzen dira. 

Bestalde, azterketa epe ertain-luzera ikuspegi bat izateko lagungarri izango delakoan dago udala. 2040a bitarte, 179 etxebizitza sortzeko beharra aurreikusten du azterteka horrek, soilik etxebizitza-unitateen tipologia aldaketari erantzuteko. Izan ere, etxebizitza bakoitzean, batez beste, gero eta jende gutxiago bizi da. 

"Datuok erronka legez ikusten ditugu. Badakigu etxebizitzaren gaiak ardura handia eragiten duela gizartean, hori horrela, lau lan lerro identifikatu ditugu", adierazi du Mikel Urrutia alkateak. Honako hauek dira lan lerroak: lehenengo etxebizitza hutsak merkaturatzea lortzea; bigarrena, baserriak hainbat etxebizitzatan zatitzeko aukera aztertzea; hirugarrena lokal komertzialak etxebizitza bihurtzeko aukera aztertzea; eta laugarrena, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailari udalak dituen hiru lursail eskaintzea, hauetan alokairuzko etxebizitza publikoak eraiki ditzaten. Jose Luis Navarrok aurreratu duenez, otsailaren 20an batzartuko dira etxebizitza sailarekin. "Abadiñon arazo handia daukagu 2015etik HAPOa geldituta daukagulako. Horrek herria garatzeko eta herrian eraikitzeko arazoak eragiten ditu. Abadiñoko gazteak inguruko herrietara joaten dabiz eta arazo horri irtenbide bat eman behar diogu", gaineratu du Jose Luis Navarrok. 

Batzarra eguenean
Etxebizitzaren gaiari heltzeko eta herritarrei diagnostikoaren berri emateko, otsailaren 13rako berbaldia antolatu dute Errota Kultur Etxean. 18:30ean hasiko da eta bertan izango dira Imanol Esnaola Gislan Kooperatibako zuzendaria, Mikel Urrutia alkatea eta Jose Luis Navarro zinegotzia. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!