Abadiñon, Zelaietan, eskaintza kultural bat emateko asmoz, hainbat zinemazalek Txanporta Zine Kluba sortu dute. "Ikusten genuen Txanporta Kultur Etxeak pelikulak eskaintzeko aukera ematen zuela, eta ez zaiola ematen erabilera hori. Kultur Etxean aretoa dago, herrian ez daukagu zinema eskaintzarik, eta pentsatu genuen toki aproposa genuela horretarako. Baina ez bakarrik zinema ikusteko, baita herritarrak batzeko eta zinemazaleon artean solasalditxo batzuk egiteko", azaldu du Igor Salterainek, bultzatzaileetariko batek.
Bultzatzaileek ekimena lehenago martxan ipini gura zuten arren, lehenengo emankizuna otsailaren 23an izango da. "Lehenengo txanda honetan hiru emakizun planteatzen ditugu. Datozen hiru hileetan, hilean domeka batean. Eta ondo irteten bada eta herritarren artean erantzun ona badu, aurrera begira jarraitzea planteatzen dugu", gehitu du Salterainek.
Txanporta Zine Klubak emango duen lehenengo pelikula Azken erromantikoak izango da. Ainhoa Urien abadiñarrak gidatuko du solasaldia, eta Ainhoa Olaso zinemagile eta Durangoko zine klubeko bideratzailea izango dute gonbidatu. Otsailaren 23ko saiorako sarrerak otsailaren 10etik aurrera eskuratu ahal izango dira, Mediatekan eta Errotan.