"Nire indargune nagusia euripean gidatzea dela esango nuke"

Anboto 2025ko ots. 8a, 10:30

Marco Padreda Acevedok (Abadiño, 2007) iaz Euskadiko txapelketa irabazi zuen Supermoto 450 kategorian, Supermotard modalitateko mailarik gorenean. Aurten tituluari eustea izango du helburu.

Umetatik du motoekiko grina. Zortzi urtegaz, Jorge Lorenzoren aitaren eskolan trebatu zen. Gaur egun Efren Vazquezen eskolan dabil. Abiadurako motoziklismoan lehiatzeak dituen kostu handiak eraginda, Supermotard-ean dabil orain, ekonomikoki eramangarriagoa delako. Batean zein bestean, onenen artean dabil.

Zure lehenengo trebakuntza Jorge Lorenzo moto gidari ohiaren aitaren eskolan jaso zenuen. Zelan gogoratzen duzu?
Zortzi urtegaz, nire bizitzan aldaketa inportante bat izan zen. Nire familiagaz Nafarroako Castejón herrira joaten nintzen asteburuetan. 400 kilometro, joan-etorria. Asteburu osoa han ematen genuen, barikutik domekara. Zirkuituan bertan lo egiten genuen, furgonetetan. Lagunekin asteburu-pasa kanpinera joatea lakoa zen. Oso ondo pasatzen nuen. Hara joaten ginen denok familia bat ginen: elkarregaz bazkaldu, furgonetan lo… Ordu askotan arlo fisikoa lantzen genuen: gimnasia, trebetasun ariketak… Gero motoa hartzen genuen, zirkuituan ibiltzeko.

Abiadura probetan hainbat bider geratu zinen txapeldunorde Aragoiko eta Nafarroako txapelketan. Baina, gero, abiadura Supermotardagaitik aldatu zenuen. Zergaitik?
Biderik ekonomikoena zen. Motoaren mundua garestia da, berdin da zein modalitate, baina Supermotarda eramangarriagoa zen. Gatx da babesleak lortzea. Nire gurasoek ondo dakite hori, ate asko jo dituztelako. Iraganean hainbat babesle izan dut. Gaur egun bi baino ez ditut, Abadiñoko Udala eta Durango Sport Club & Span. Eskerrak ematen dizkiet babesleei, eta baita nire gurasoei ere. Euren bizitza nire kirolera egokitu dute eta betirako eskertuta egongo naiz.

Iaz Euskadiko txapeldun geratu zinen Supermoto 450 mailan, Supermotardeko kategoriarik gorenean. Zelan joan zen lasterketa?
Bost lasterketatik hirutan lehiatu nintzen, Cotar zirkuituan (Burgos), eta hirurak irabazi nituen. Irabazteko aukera ikusten nuen eta oso pozik nago. Aurten berriro garaipena lortzea izango dut helburu. 

Motoa ala pilotuaren trebezia, zer da garrantzitsuagoa?

Nire ustez, % 60 motoa da eta % 40 pilotuaren trebetasuna. Moto ona izatea garrantzitsua da.

Zuk moto ona izan duzu?
Aurten moto dezentea eduki dugu, baina ez da besteenen mailara heltzen.  

Falta zena zuk ipini duzu?
Tira, zegokiona baino gehiago arriskatzea egokitu zait batzuetan.  

Euripean eta zirkuitu bustian nabarmentzen ei dira piloturik onenak. Euria gustuko duzu?
Irteerekin batera, euritan gidatzea nire indargune nagusia dela esango nuke. Desiratzen egoten naiz euria egin dezan. Baldintza horietan, pilotuaren garrantzia % 60ra igotzen da nire ustez. Buruak eta konfiantzak zeresan handia dute: arin joan zaitezkeela sinestu behar duzu. 

Zein izan da zure lasterketarik onena euripean?
2022ko Espainiako txapelketa, Galiziako Forcarei herriko zirkuituan. Eguraldi aldakorra zegoen. Denok zalantzan geunden zer pneumatiko mota ipini. Euritakoa ipintzea erabaki genuen. Erdi inguruan nengoen irteera puntuan. Sekulako euri jasa bota zuen hasi aurretxoan. Irten bezain laster erorikoak izan ziren eta inbutua sortu zen. Azkeneko geratu nintzen. Ez nuen etsi. Atzetik aurrera egin eta itzuli biren faltan lider jarri nintzen eta irabazi egin nuen. Neure buruarengan sinistu nuelako! Nire ibilbideko garaipenik onena izan zela esango nuke. 

Erorikoak kirolaren parte dira. Zein izan da zure erorikorik txarrena?
Orain urte bi, Cotarren. Sailkapen proban, aurreko balaztarik barik geratu nintzen. Bihurgunean frenatu ezin, zuzen joan eta sakongune batean jausi nintzen. Konortea galdu nuen une batez. Zati batean inork ez ninduen ikusi. Zirkuituko osasun zentroan artatu ninduten. Zorionez, dena zerbikalen inguruko kolpe bat baino ez zen izan. 

Kostatu egin zitzaizun errekuperatzea?
Hurrengo egunean irteera puntuan negoen berriro. Kaskoa aldatu, eta aurrera. Azkenengo irten eta laugarren amaitu nuen.

Efren Vazquez pilotuak Gipuzkoako Olaberria herrian duen eskolan zabiltza gaur egun.
Bai, hilean asteburu bitan joaten naiz. Oso gustura nago. Asko ikasten nabilela sentitzen dut. 

Motoziklismoan baduzu idolorik?
Marc Márquez eta Fabio Quartararo. 

Malasia 2015, Sepango zirkuitua, Rossisen ostikada famatua Marquezen motoari. Nork zuen arrazoia?
Umea nintzen baina ondo gogoan dut. Nik uste Rossiren ostikada lekuz kanpo egon zela!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!