Aurreikuspen guztien arabera, gaurko azokak osagai guztiak ditu arrakastatsua izateko. Iragarpenek diote eguraldi ona egingo duela, eta azken urteetako ekoizlerik gehien egotea eta jendetza bertaratzea itxaroten da. “Abadiñarrak batzen gaituen jaia da, San Blas azokaz harro gaude eta mundu guztiari gure herrira bertaratu eta sanblas jaiez gozatzeko dei egiten dizuegu”, gaineratu du Urrutiak.
Urtero legez, ez da jai girorik faltako gaur Abadiñon, eta goizetik gauera arteko programazio berezia antolatu dute bertarako. Txistulariak, bertsolariak, herri kirolak, idi probak eta kontzertuak egongo dira, besteak beste.
Txistularien kalejiragaz emango diote hasiera egunari, 10:00etan, eta 12:00etan Txaber Altube, Garikoitz Sarriugarte eta Bittor Altube bertsolariak arituko dira bertsotan; ordu berean, herri kirolak egongo dira probalekuan. 17:00etan Muxutruk erromeria egongo da Ferialekuan, eta DJak Gaztetxean eta Elkartasun plazan. Gaztetxean Txola eta Potxola, Malakias MX3, Lamikiz eta Abadiñoko Karmentxu arituko dira musika ipintzen. Elkartasun lonjan, DJ Bull.
18:00etan, San Blasetako idi proba txapelketari hasiera emango diote probalekuan. San Blasetako idi proba txapelketa otsailaren 3an hasi eta hilaren 10era bitartean jokatuko da. Ganadutegi hauetako idi pareak lehiatuko dira proban otsailaren 3an: Ipeñarrieta, Gotzon Plaza eta Iñaki Lopategi.
"Udal langileek, elkarteek eta boluntarioek hainbat aste daramatzate lanean azoka eta San Blas jaietako egitaraua antolatzen, eta egindako ahalegina eskertu gura dugu", azpimarratu du alkateak. “Egitarau eta jai hau esfortzu kolektiboaren emaitza da. Horregaitik, mundu guztiari dei egiten diogu bertaratzeko, San Blas gure tradizioa baino askoz gehiago da eta”, gaineratu du Edurne Maguregi alkateordeak.
Doako autobus zerbitzua
Bestalde, iaz legez, aurten ere doako autobus zerbitzua egongo dela jakinarazi dute Abadiñoko Udaletik, eta jendeari berau erabiltzeko gonbita egin diete. "Ez dugu lortu Bizkaibusek autobus zerbitzuan errefortzurik ipintzea, baina Abadiñoko Udaletik esfortzua egin eta etenik barik ibiliko diren autobus bi ipiniko ditugu", esan du Urrutia alkateak. 09:00etatik 16:00ak bitartean izango da autobus zerbitzua, etengabe, Traña-Matienatik (Hezgarri aurreko autobus geltokitik) Zelaietara.
Hainbat hobekuntza
Horrez gainera, iazko azoka arrakastatsuaren ondoren, hainbat hobekuntza detektatu zituztela ere jakinarazi dute udaletik. Hori horrela, aurten Ferialeku plazan ipiniko dituzten komunetan une oro garbiketa zerbitzua egongo dela eta San Blas eguneko garbiketa zerbitzua ere indartuko dutela azpimarratu dute.