Gizon bi atxilotu dituzte Abadiñon, desobedientzia eta erresistentzia delituak leporatuta

Anboto 2025ko urt. 28a, 19:43

Atxarte inguruko baso-bide batean kablea erretzen ari ziren bi atxilotuak eta Ertzaintzaren patruila ikusterakoan ihes egiten saiatu ziren, 50 eta 51 urteko bi gizonak. 

Ertzaintzak bi gizon atxilotu zituen Abadiñon, bart gauean. Atxarte inguruko baso-bide batean kablea erretzen ari zirela jakitera emateko deitu zuen herritar batek, atzo 23:00ak inguruan. Ertzaintzaren ibilgailua ikusterakoan,  bi gizonak auto batean igo eta abiadura handian ihes egiten saiatu ziren, "agenteen aginduei jaramonik egin gabe",  Ertzaintzak jakin eragin duenez.  Atzetik  jarraitu ondoren, susmagarrien ibilgailuak pistako ezponda jo zuen, eta polizia agenteei aurre egin ondoren, berriz ihes egiten saiatu ziren, gaineratu dutenez.

Kableari su ematen ari ziren lekuan sute bat piztu zen, presaka ihes egin izanaren ondorioz, eta suhiltzaileak bertaratu behar izan ziren itzaltzera, Ertzaintzak azaldu duenez,

Desobedientzia- eta erresistentzia-delituak leporatuta atxilotu zituzen 50 eta 51 urteko bi gizonezkoak. Gaur goizean agintari judizialaren eskuetan jarri dituzte, eta Ertzaintzak kablearen jatorria ikertzen jarraitzen du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!