1973ko San Blas ferian grabaturiko bideo bat berreskuratu dute

Anboto 2025ko urt. 28a, 09:51

Gerediaga elkarteak 1973ko San Blas ferian grabaturiko bideo bat berreskuratu du.19 minutuko filma da, soinurik bakoa. Barikuan aurkeztuko dute jendaurrean, 19:30ean, Txanportan. Ikus-entzunezkoa Garaia plataforman ipiniko dute ikusgai.

Gorderik zegoena argitara atera dute, eta horregaz, ondarea aberastu. Gerediaga elkarteak 1973ko sanblasetan grabaturiko bideo bat berreskuratu du. 19 minutuko filma da, giro-soinurik bakoa, eta garai hartako San Blas eguna eta Abadiño zelakoak ziren ikusteko ezin aproposagoa. Irudietan, Zelaieta auzoko kaleak eta eraikin zaharrak identifikatu daitezke. Era berean, urte hartako idi probak eta postuak daude ikusgai. 1973an, otsailaren 3an bakarrik ez, biharamunean ere ospatu zuten San Blas eguneko azoka. Bideoa Txanporta kultur etxean estreinatuko dute, bariku honetan, urtarrilak 31, 19:30ean.

Orduko feria testuinguruan ipintzeko, 1967ra egin behar da atzera, edizio hartan berriztu egin zuten eta, Gerediaga elkartearen eta Jose Luis Lizundiaren bultzadagaz. Urte hartan, gaurdaino iraun duten ohitura batzuk ipini zituzten; besteak beste, baserriko tresneria azokan zehar ikusgai eta salgai ipintzekoa, eta feriako posturik onenak saritzeko lehiaketa. Azken hori dela eta, sei postu saritu zituzten "Durangoko Merindadeko baserritar aurrerazaleen" artean: Amaitermingo Errota baserriko Jose Martin Unzalu eta Iurretako Elorriaga-Atxekoa baserriko Julian Uribelarrea (abelgorrien kategorian); Berrizko Eitua auzoko Zubitxueta baserriko Juan Cruz Gorroño eta Elorrioko Arana auzoko Osintxueta baserriko Gregorio Beitia (ortu-fruten kategorian), eta Orozketako kofradiako San Andreseko auzotarrak, eta Garaiko Santa Katalina auzoko Urien baserriko kideak (auzolanen kategorian). 60.000 pezeta banatu zituzten sari guztien artean.

'Garaia': Eskualdeko bideoan gordailua

Gerediaga elkarteak eskualdeko beste hainbat ikus-entzunezkogaz batera gordeko du sanblasetako bideoa, Garaia izeneko biltegian. Atarian, Durangaldeko historiagaz, kulturagaz eta gizarte-gaiekin loturiko ikus-entzunezkoak daude, izan lekukotzak, izan filmak, izan dokumentalak. Orain urtebete sortu zuten tresna, eta aurrerantzean ere hori elikatzen jarraitu gura dute. Abadiñori dagokionez, Gerediagak Errekatxo dokumentala ipini du Garaia plataforman orain dela gutxi. Datozen asteetan sareratuko dute 1973ko sanblasetako bideoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!