Bizkaiko Foru Aldundiak gaur goizean Abadiñon emandako prentsaurrekoan jakitera eman duenez, Durangaldeko egungo gizarte-premietara egokitu du hasierako proiektua, eta "arreta intregrala ematea lehenetsi" dute. Hasiera batean, Aldundiaren asmoa nagusien egoitza bat eraikitzea zen, mendekotasuna duten adinekoentzat. Baina, gaur iragarri dutenez, osasun mentalaren eta desgaitasunaren eremuetan hautemandako premiei erantzuteko gaixotasun mentala duten pertsonak eta desgaitasun intelektuala dutenak ere lekua izango dute bertan. "Abadiñon proiektatu den gizarte-ekipamenduen guneak eskualdean gaur egun hautemandako eskaerei erantzuten die, eta arreta-eredu pertsonalizatuago, inklusiboagoa, egokituagoa eta komunitatearekin konektatuago baterako oinarriak ezartzen ditu. Ezin genituen alde batera utzi errealitate aldakorrak eta gure lurraldean sortzen diren eskaera berriak", adierazi du Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak.
Egoitza honela egongo da banatuta. Alde batetik, 60 egoitza-plaza izango ditu mendekotasuna duten adinekoentzat, hiru bizikidetza-unitatetan banatuta. Bestetik, 40 egoitza-plaza egongo dira gaixotasun mentala duten pertsonentzat, bi bizikidetza-unitatetan banatuta. Hiru plaza aldi baterako egonaldietarako izango dira, familiek atseden har dezaten. Eta azkenik, eguneko arreta zentro bat egongo da desgaitasun intelektuala eta/edo garapenekoa duten 25 lagunentzat.
Bestalde, prentsaurrekoan jakitera eman dute, proiektu hau gauzatzeko aldundiaren eta udalaren arteko elkarlana ezinbestekoa izan dela. "Proiektua jaso genuenetik, lanketa sakona egin dugu, irisgarritasuna hobetu eta herrigunean integratzeko helburuarekin. Aldaketa hauek gauzatu ahal izateko, herriko Arau Subsidiarioak aldatzeko prozesua jorratu dugu, eta ekaina edo uztailerako burututa izatea aurreikusten dugu", adierazi du Mikel Urrutia Abadiñoko alkateak.
"Gizarte Ongizatetik, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean egiten ari garen lana nabarmendu nahi dugu, gure herritarren beharrei erantzungo dien zaintza eredu batean aurrera egiten jarraitzeko. Prozesu hau ikuspegi integral, inklusibo eta lurralde kohesioa sustatzen duen batean oinarrituta dago, Abadiñoko pertsona guztiengana iritsiko den arreta bermatzeko. Eta, zainketen ekosistema modu parte-hartzailean eraiki dadin lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu,", gaineratu du Edurne Maguregi Gizarte Ongizateko zinegotziak.