Nahiko denbora tarte laburrean, eta ia paraleloan, Galder Gaztelu-urrutia zine zuzendari abadiñarrak pelikula bi egin ditu: Rich Flu eta El hoyo 2. Lehenengoa euren kabuz egin dute, sortu eta finantzatu, eta orain hainbat herrialdetako banatzaileei saldu. Bigarrena El Hoyo pelikula entzutetsuaren jarraipena da, eta Netflix plataforma erraldoiaren babesa du. Bietan, baina, egiteko modu antzerakoa eta estilo propioa erakutsi ditu Gaztelu-urrutiak. Fikzioaren bitartez, gaurkotasun totala duten gaiak plazaratzeko gaitasuna erakutsi du.
'Rich Flu'-k erditze gogorra izan du. Gogotsu zaude estreinaldirako?
Kuriosoa da. Pandemiaren aurretik hasi ginen lan hau idazten. Zorte handia dut, gidoilari talde on bategaz lan egiten dudalako, eta David Desola gidoilariari munduko pertsonarik boteretsuenak hiltzeko gaitasuna zuen birusa existitu zitekeela okurritu zitzaion. Nik denbora neraman alderantzizko migrazio prozesu bati buruzko istorio bati bueltak ematen, iparraldean bizi den pertsona pribilegiatu baten ikuspuntik kontatua izango zena, hau da, egoera normal batean jazarria edo diskriminatua izango ez zena. Ideia bi horiek batu, eta Pedro Riverogaz elkartu ginen; Sam Steiner ingelesak azken orraztua eman zion. Orduan, 2019an gidoia idazteari ekin genion, eta, hain zuzen ere, gidoiaren lehenengo tratamendua konfinatu gintuzten egunean erregistratu genuen. Idazten joan ahala, errealitatean bizitzen joan gara, eta horrek asko zaildu zuen idazketa prozesua. Pelikulak itzuli asko eman du. Idazketa prozesu konplikatua izan du; alde batetik, geruza asko batzen duelako, eta, bestetik, gaur egungo gerra kulturalean oso delikatuak diren gaiak jorratzen dituelako, eta horrek ere baldintzatzen du zelan funtzionatuko duen. Bestalde, finantziazioa ere oso konplikatua zen, tamaina handiko proiektua den neurrian. Ekoizpen aldetik ere erronka bat izan da. Horrelako bidaia batek funtzionatzeko, ondo filmatu behar da, eta, horretarako, diru asko behar da. Ez da erraza hainbeste diru batzea horrelako pelikula arriskatu bat egiteko. Orain, mundu osoko takilaren erantzunaren menpe gaude. Pelikula independentea da, guk saltzen dugu herrialde eta merkatuetan. AEBak merkatu garrantzitsua dira, adibidez, eta negoziaketetan ari gara orain; Txinan ere zentsuraren erantzunaren zain gaude, zelan estreinatuko den jakiteko.
Independenteki eta Netflixen moduko plataforma boteretsu bategaz lan egin duzu denbora tarte laburrean. Zelan orekatzen da hori?
Egunduko buruko minekin. Prozesu biak izan dira gogorrak, bakoitza bere berezitasunekin, baina hemen gaude. Biekin oso harro nago, eta asko gustatu zaizkit, baina gogorra izan da. Rich Flu-tik El hoyo 2-ko filmaziora hiru hilabeteko tartea baino ez nuen, eta, beraz, El hoyo-ren bigarrena aurretik prestatzen joan behar nintzen; horrela, taldea beharrean hasi zitekeen, lana aurreratzeko. Gero, bataren muntaiak bestearen filmatzeagaz bat egin zuen, baina lantalde ona dudanez, konpondu gara.
'El hoyo' filmak sekulako arrakasta izan zuen. Igarri duzu presiorik ondorengo lanetan?
El hoyo filmak nazioarte mailako arrakasta izugarria izan zuen; beraz, horren ondoren, kakaztu baino ezin da egin (barrez). Ikusiko dugu epe luzera zelan funtzionatzen duten pelikula bi hauek. Dena dela, oso lan konplexuak dira eta ezin dira baloratu estreinalditik aste bira. Eztabaida kulturalean bete-betean sartzen dira eta horrek debatea sortzen du. Ikusiko dugu zelan irteten diren.
'Rich flu'-ra itzulita, puri-purian dauden gai bi jorratzen dituzue. Gaur egun, mezu atzerakoiek sekulako bozgorailua dute sare sozialen bitartez. Zelako garrantzia du bestelako eztabaidak planteatzea artearen bitartez?
Guk paradoxa sozialak atsegin ditugu eta gure gai garrantzitsu biak aberastasunaren banaketa eta pertsonen arteko hartu-emanak dira; zehatzago esateko, behar ez ditugula uste dugun pertsonekiko hartu-emanak. Rich Flu eta El hoyo filmek gai horiek jorratzen dituzte. Aktualitateko gaiak dira, baina orain hogei urte eginez gero ere hala litzateke; berdin bost urte barru. Hain zuzen ere, uste genuen zailtasun eta atzerapenengaitik berandu ibiliko ginela, eta, hala ere, badirudi gurata edo kalkulatuta egindako zeozer izan dela. El hoyo filmagaz ere antzeko zeozer pasatu zen; momentu egokian kaleratu genuela esan ziguten. Baina aretoetan estreinatu genuenean ez zuen arrakasta handiegirik izan. Ondoren, Netflix bidez eman zenean, bai. Beti da momentu ona aberastasunaren banaketari buruz berba egiteko. Guk hausnarketa bat proposatzen dugu, ez dugu erantzunik eman gura; debatea sustagu gura dugu.
Pelikula entretenigarriak egin gura ditugu, ni ez naiz zinera pelikula aspergarriak ikustera joaten. Mezu sakonak edo gaurkotasuna dutenak atsegin ditugu, baina mezua bidaltzea baino gehiago, mezuaz berba egitea da gura duguna.
Presio gehiago igarriko zenuen, baina aurrekontua handiagoa izatea ere bai?
Hori betikoa da. Zenbat eta gehiago eduki, orduan eta gehiago gura duzu, eta horrela beti zaude itota. Langa norberak ipintzen du gero. Lehen pozik geunden aurrekontu txikiagoekin, eta orain aurrekontu handiagoagaz aspirazio handiagoa dugu. Baina beti gaude borroka berdinagaz, diru faltagaz.