"Oso zoriontsua izan nintzen Betizu Taldean"

Aitziber Basauri 2025ko urt. 25a, 10:00

Saida Rouane (Abadiño, 1991) abeslari hasi zen Betizu Taldean, 12 urtegaz. Musikagaz lotuta jarraitzen du oraindino ere, eta arropa diseinatzen du Le.Volv izenpean. 

Betizu Taldeak BT 2025 kontzertu berezia grabatu du Primeran plataformarako, 20 urteren ondoren. Saida Rouanek sorpresagaz eta pozik hartu zuen proposamena. Ibizan bizi den arren, sarritxotan etortzen da Abadiñora familiarengana.

Zelan gogoratzen duzu Betizu Taldea? Zelako esperientzia izan zen zuretzat?
Nostalgiagaz eta maitasun handiz gogoratzen dut garai hura. Oso gaztea nintzela hasi nintzen Show BT saioan, 12 urte baino ez nituela. Akademiako azken hiru hileetan, bertan egoteko zortea izan nuen; irabazleetariko bat izan nintzen eta Betizu Taldean sartzea lortu nuen. Taldekideak ezagutu nituen, eta kantu eta dantza eskolak hartzeko aukera izan nuen gero. Zer esan platoetako esperientziaz! Dena oso polita izan zen. 

Zelan animatu zinen castingera?
Umetatik izan dut abesteko grina. Urtebetetzeko opari lez Lluvia de Estrellas saiora eramatea ere eskatu nuen behin. Baina ez zidaten jaramon handirik egin (barrez). Etxean inor ez zegoen egun batean, ETB1en ikusi nuen castinga egingo zutela akademiako azken lekuak betetzeko, eta deitu egin nuen, ezkutuan. Deia bueltatu zidatenean, castinga egitera joan behar genuela esan nion amari. Oso gaztetatik argi nuen musikak hunkitu egiten ninduela, artista izan gura nuela. Oholtzara bost urtegaz igo nintzen lehenengoz. 

Zenbat denbora egin zenuen Betizu Taldean?
Show BTko bost irabazleak aukeratu ondoren, kontzertuak ematen hasi ginen: Bilbon eta Donostian lehenengo. Udan kontzertu birak egiten genituen. Gainera, telesailak grabatu genituen, film bat ere bai, eta lau disko grabatu. 12 urtetik 16 urtera bitartean aritu nintzen Betizu Taldean.

Bizimodu nekosoa nerabe batentzat.
Umezarotik nerabezarora bidean harrapatu ninduen, bai. Baina zoriontsua nintzen. Ez zitzaidan gogorra egin. Esperientzia hark ez zidan ezer kendu, eman baino. Askoz gehiago jarraitu ahal izango nuen, baina taldeak bere bidea bete zuela erabaki zuten. Eta bakoitzak gure bideari jarraitu genion. Ni moda munduan sartu nintzen. Miss Gipuzkoa lehiaketara aurkeztu nintzen eta lehenengo ohorezko dama aukeratu ninduten. Bost bat urte egin nituen modelogintzan.

Orain Ibizan zaude. Musikagaz lotuta jarraitzen duzu?
Bai. Musika oso presente dago nire bizitzan. Esan behar dut Betizu Taldea desegin zenean musika utzi nuela. Ez dut abestu, orain lau urte berriro musikan hasi arte. Tristura apur batez bizi izan dut garai hori. Gaur egun nire musika sortzen dut, pertsonalagoa. Eta pozik nago. Bestalde, orain hiru urte Le.Volv arropa marka sortu nuen. Musika eta moda, biak uztartzen ditut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!