Irailaren 20an Koba Live jaialdiaren beste edizio bat egingo da Abadiñon, eta aste honetan, antolatzaileek bertan izango diren beste bi talderen berri eman dute. Bata eskualdeko taldea da, Moonshinerds talde durangarra. Bestea, Asgarth talde gipuzkoarra da. Antolatzaileek azaldu dutenez, talde bi hauen baieztapenarekin, Abadiñon antolatzen den jaialdiak euskal taldeen presentzia izango du.
Talde bi hauek aurretik iragarritako nazioarteko beste bost talde hauei batu zaizkie: Eclipse, Wolfheart, Suicidal Angels, The Electric Alley eta Before The Dawn. "Oraindik kartela ez da zarratu, beraz, adi egongo gara hurrengo konfirmazioei", gaineratu dute antolatzaileek.
Sarrerak eskuragai
Bestalde, aurten egun bakarrekoa izango den Koba Live jaialdiko kideek jakinarazi dute dagoeneko irailaren 20ko kontzertuetarako sarrerak eskuragarri daudela. Sarrerak koba-live.com/eu/sarrerak webgunean eros daitezke.