Otsailaren 2an, San Blas bezperan, abadiñarrek hitzordua dute eguna luzatu dela eta sasoi honetan negua biguntzen hasten dela iragartzen duen Kandeleridxo kanta abesteko eta ohitura hau berreskuratzeko. Herritar talde batek bultzatuta, Zelaietan ibiliko dira kantuan.
Ekimenaren bultzatzaileek azaldu dutenez, Kandelario Eguna, beste ohitura batzuk lez, Europan zehar zabalduta dago: Alemanian Lichtmess deitzen diote, esaterako, eta Frantzian La Chandeleur. Hala ere, ospakizunak antzeko ezaugarriak ditu leku guztietan: abestu, kantuaren bitartez eskean irten zein zarata egin lurra esna dedin.
Otsailaren 2an horixe egingo dute Abadiñon. "Lurra makilekin joko dugu, berau iratzar dadin", azaldu dute. Abadiñarrek abestuko duten kanta 1990ean Atanasia Zabalari jasorikoa da. Abadiñoko lexikoaz liburuan batuta dago.
ABESTIA
Kandeleridxo, leridxo
atxari ura daridxo
sagartxuari bustiñe
arkasustre masustre
aseritxua su giñen
aserikumia berotzen
artza urunek eralten
akerrak txistu
ididxe dantzan
astue tanboliñ joten