Probalekua egokitzea eskatu dute abadiñarrek aurrekontu parte hartzaileetan

Anboto 2025ko urt. 17a, 12:48

Guztira 300 pertsonek parte hartu dute aurrekontuen bozketa fasean. Abadiñoko Udaletik eskerrak eman dizkiete pare hartu duten herritar guztiei. 

Dagoeneko abadiñarrek erabaki dituzte aurrekontu parte-hartzaileetako proiektuak. Abenduaren 27an zarratu zen 2024-2025eko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuko bozketa fasea, eta udalak eman du proiektuen berri. 

Aurten bi ataletan banatu dituzte aurrekontu parte hartzaileak. Alde batetik 15.000 - 100.000 euro bitarteko proiektuen atala egongo da. Bestetik 1.000 - 15.000 euro bitartekoa. Lehenengo tartean, probalekua estalitako aisialdirako espazio bezala erabiltzeko egokitzea eskatu dute abadiñarrek. Bigarrenean berriz, Bidegorri sarea Atxondora arte iristeko proiektua diseinatzea eta pilak, olioa eta ohiko zaborrontzietan bota ezin daitezkeen material txikiak jasotzeko edukiontzi gehiago jartzea. 

Udaletik azaldu dutenez, datozen hilabeteetan hiru proiektu horietan jardungo dute. Bestalde, hiru lan horietan, hasieran aurreikusitako 130.000 euroko diru partidatik, dirurik geldituko balitz, hurrengo proiektu bozkatuenari ekingo diotela esan dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!