Izaki Gardenak taldearen 'Orube' lan berria Amaraun Arte Fabrikan

Anboto 2025ko urt. 17a, 12:00

Jon Basaguren, 'Izaki Gardenak' taldeko musikaria. LIBE KORTAZAR

Lan berriagaz ez ezik, Izaki Gardenak berritasunekin ere bueltatu da. Hain zuzen ere, Orube diskoa kaleratu du oraintsu, eta gaur ekingo dio zuzenean aurkezteari, Hendaian.

Etzi, hilak 19, Abadiñoko Amaraun Arte Fabrikan emango du kontzertua, birako bigarrena. Jon Basagurenek gidatzen duen proiektuak doinu goxoekin jarraitzen du, baina AEBetara barik hurbilago begiratzen du lan honegaz. "Orube diskoan agerikoak dira azken diskoetan landutako americana oinarri sendoaren arrastoak, baina, era berean, taldearen hasierako lehenengo lanen freskotasun eta arintasun puntu hori berreskuratu dugu", esan dute taldekideek. Zortzi abestik osatzen dute Izaki Gardenak taldearen laugarren lan hau. 

Kontzerturako sarrera guztiak salduta daude.

Eguenean, Ainke
Urtarrileko bigarren emanaldia Ainke talde durangarraren kontzertua izango da, eguenean, hilak 23. Iaz kaleraturiko Hamar gezur ta hiru tiro lana aurkezten dabil laukotea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!