Abadiñon hainbat proiektu egiteko, udala eta ETS elkarlanean

Anboto 2025ko urt. 15a, 15:30

Abadiñoko Udalak lau proiektu ditu esku artean ETSgaz; datozen urteetan hauek egin ahal izatea da helburua.

Gaur goizean Mikel Urrutia Abadiñoko alkateak eta Jose Luis Navarro Hirigintza arloko zinegotziak prentsaurrekoa eman dute Euskal Trenbide Sareagaz izaten dabiltzan elkarrizketen berri emateko. "Abadiñoko Udala auzo guztietako irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko lanean ari da, eta bide horretan ETSegaz harremanetan gaude, egitasmo batzuk administrazio horren eskumenekoak baitira", azaldu du Mikel Urrutia alkateak

Prentsaurrekoan udaleko kideek lau proiektu nabarmendu dituzte. Lehenengo proiektua, Traña-Matienatik Lebarioko industriagunera doan eremua irisgarriagoa egitea da, bukatu gabe dagoen espaloia eginez. Bigarren proposamena, Lebarioko kotxetegietan dagoen tren geralekua, ordu zehatz batzutan, Lebarion lan egiten duten pertsona guztiei zabaltzea. "Horrek baina pasarela bat egitea ekarriko luke. Momentu honetan, irteera kotxetegietara bakarrik dago eta", azaldu du Navarrok. Hirugarrena, Traña-Matienako geralekuaren ondoan disuasio-aparkaleku bat eraikitzea. Eta azkena, Traña-Matienatik Durangora doan trenbide zaharra bidegorri sarean txertatzea. "ETSk Lebarioko irisgarritasun obraren kostuaren zati bat bere gain hartzeko borondatea erakutsi digu, baita etorkizuneko disuasio-aparkaleku baten gastuak partekatzo ere. Kalkuluak egin beharko dira eta proiektuen bideragarritasuna baloratu", esan du Urrutiak.

Bestalde, alkateak bi erakundeen arteko harremanak zein Lebarioko industriaguneko langile eta enpresariegaz izan dituzten harremanak "onak" izan direla nabarmendu du. "Guzti honetan bidelagun gara, udala, langileak, enpresa komitea eta enpresariak. Inplikatutako parte guztiak elkarrekin aritzea ezinbestekoa da", gaineratu du Urrutiak. Navarrok ere, gauza bere nabarmendu du: "Bileretan sintonia ona egon da bi aldeen artean eta ETS prest agertu da mahai gainean jarri genituen proiektu eta proposamenei heltzeko. Aurrekontuak ikusi beharko dira eta horren arabera lehentasunak ezarri", bukatu du Navarrok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!