GABONAK LANEAN

"Lanean egonda, lankideekin ospatuko ditut Gabonak aurten"

Ekaitz Herrera 2024ko abe. 20a, 09:30

Mikel Filgueira suhiltzaile abadiñarrak lanean igaroko du Urteberri eguna, gainerako herritarrak ospakizunetan murgilduta daudela. Ez da lehenengo aldia. Beste urteren batean ere egokitu zaio Gabonetako data seinalatuetan lan egin beharra.

Askotan tokatu zaizu Gabonetako ospakizunetan lan egitea?
Sei bat urte daramatzat hemen. Inoiz tokatu zait, baina ez sarri. Egun bereziak izaten dira, eta zure familiakoekin batu ezin izateak pena apur bat ematen du. Batzuek hemen egon behar izaten dute lanean, etxean senideren bat bakarrik dutela. Dena dela, lantaldean oso hartu-eman ona dugu; hau bigarren familia bat da zelanbait esateko. Esan daiteke, nahiz eta lanean egon, pozik ospatzen ditugula Gabonak bigarren familia horregaz. 

Eta gertatu zaizu Gabonetako ospakizunetan larrialdiren batean esku hartu behar izatea?
Gogoan dut Errege egun batez Ermuko etxebizitza batean sua isiotu zela. Egongelara sartu ginenean, mahaiak ospakizunetarako prest zeudela ikusi genuen. Urdaiazpikoa eta halakoak zeuden mahai gainean. Bazkaria hastear zela piztu zen sua.

Hemen, Iurretako basean, ospatzen dituzue Gabonak nahiz eta lanean egon?
Gabonetan zeozer berezia jatera ohituta gaude denok. Eta hemen, nahiz eta lanean egon, ohikoa ez den zeozer bazkaltzen edo afaltzen ahalegintzen gara. Hemen barruan taldeka antolatzen ditugu kozinatze lanak. Lantaldeko kide batek beti izaten du sukaldean lan egiteko ardura. Egun horietan denok laguntzen diogu elkarri. Dena dela, data seinalatuak izan arren, lanean gaude eta gure ordutegiak ditugu. Entrenamendu saioak ditugu, prestaketak eta halakoak.

Galdera kuriosoa: zer kozinatzen duzue Iurretako suhiltzaileen parkeko kideek?
Presio handiagaz kozinatzen dugu! Izan ere, gure artean sukaldari bikainak daude, eta hor egoten dira batzuk, aldamenekoak zelan kozinatzen duen begira, zaintzen eta adarra jotzen! (barrez) Azken finean, norberarentzat kozinatzen dugun arreta beragaz kozinatu gura izaten dugu inorentzat. 

Olentzero eta Mari Domingi pasatzen dira hemendik?
Ez, oraingoz ez. Ea aurten etortzeko tartetxo bat hartzen duten!

Zer eskatzen diozu urte berriari?
Osasuna, hori barik ez dago ezer eta. Hemen lan eginda, istripuak ikusten dituzu. Edonoiz eta edonon edozer gertatu daitekeela ikusi dugu, eta horrek kontzientzia hartzen laguntzen dizu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!