Zer iruditzen zaizu egitasmo berria?
Proiektu interesgarria da. Sokatirarako afizioa umetatik pizten ahalegintzeko aukera ilusionagarria dela uste dugu. Gero, ume eta gazte guztietatik bat bakarra hurreratzen bazaigu entrenamenduren batera, guretzat nahikoa izango da. Ikustera baino ez badatoz ere bai. Lehenengo pauso bat izango da eta ahaleginak merezi izan duen sentsazioa izango dugu.
Zuek ondo dakizue gazteak erakartzea zein gatxa den, batez ere azken harmarkadan, errelebo aldaketaren ordua heldu zenetik hona.
Bai, gazteak erakartzea oso gatxa da. Abadiñon ezagutzen genituen gazteekin makina bat berriketaldi izan dugu, sokatira probatu dezatela ahalegintzen. Honi esplikatu, hari galdetu, bestea konbentzitu… horrela ibili gara. Zortea izan dugu eta pozik gaude, baina aurretik urteetan egon gara jende berririk barik. Urteetan! Ez da gure arazoa bakarrik, talde askori gertatzen zaie jende aldetik justu egotea. Egitasmo berria proba bat da eta ea fruiturik ematen duen. Aurreratu dutenaren arabera, ikasturte amaieran sokatiraren inguruko jai handi bat egitea da asmoa, sokatira probatu gura duten gazte eta ume guztiak batzeko. Sasoi batean egin genuen horrelako zeozer.
Guk 14tik 16 urtera arteko gazte talde bat genuen. Laukizen eta Goiherrin gazteen beste talde bana zuten. Hiruron artean sokatira jardunaldi bat egin genuen eta ondo irten zen, baina hortxe geratu zen kontua. Orain, sokatira erdigunea izango den jardunaldia berriro antolatzen hastea positiboa dela uste dut.
Ikastetxeetako klaseak zelakoak izango dira?
Gorputz hezkuntza klaseen barruan sokatira saioak egongo dira. Urtea hasteagaz hasiko gara, urtarrileko oporretatik bueltan. Uste dut lehenengo klasea Kurutziaga Ikastolan egokitzen zaigula. Urtean zehar hainbat bider joango gara ikastetxe bakoitzera. Alde teorikoa eta praktikoa, biak emango ditugu. Ekimenak aurrera egin ahala joango gara detaileak fintzen. Erakutsi gura dugu sokatira ez dela indar kontua bakarrik; hau da, hori baino askoz ere gehiago dela eta teknikak garrantzi handia duela. Abadiño Sokatira Taldetik hiru gazte prest agertu dira klaseak emateko: Martzel Azkorbebeitia, Andrea Diaz eta Ane Abarrategi.