Taberna itxita, Isiotuk norabide berria emango dio proiektuari

Anboto 2024ko abe. 20a, 12:00

Isiotu Kultur Elkarteak 2022ko abenduaren 3an zabaldu zuen taberna, Abadiñon, Traña-Matienako auzoan bereziki euskararen, feminismoaren eta sexu askapenaren arnasgune bat sortzeko.

Ordutik honako 24 hileetan askotariko ekintzak egin dituzte: kontzertu akustikoak, antzerkiak eta DJ gauak, besteak beste. Era berean, hausnarketarako hainbat gai korapilatsu landu dute berbaldietan, hala nola minbizia, suizidioa eta lodifobia. Orain, elkarteko kideek tabernako ateak zarratzea erabaki dute proiektuari "norabide berri bat" emateko. "Hau ez da agur bat", argitu dute. "Kulturgunea da zarratuko duguna, baina horrek ez du esan gura Isiotu amatatuko dugunik. Aurrerantzean, tabernara mugatu barik, gure udalerriko beste hainbat lekutara eraman gura ditugu ekintzak eta hausnarketak, Abadiño isiotzen jarraitzeko", adierazi dute. Alde horretatik, proiektuaren norabide berrian bidelagun izatera deitu dituzte herritarrak. Bien bitartean, agur jaia izango dute. Ohikoa duten moduan, Gabonzahar gauean jaia egingo dute "auzolanean".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!