"Mexikarrek dena berba politekin azaltzen dute"

Aitziber Basauri 2024ko abe. 15a, 10:25

Intza Ibarretxe, Pueblan.

Intza Ibarretxe (Abadiño, 1998) Pueblan (Mexiko) bizi izan da hiru urtez; uztailean etorri zen. Etorkizunean berriro bueltatzeko asmoa du, baina ez daki noiz

Intza Ibarretxe Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntza Gradua (LEINN) amaitu ondoren joan zen Pueblara, Mexiko Hiriaren hego-ekialdera. Jaurlaritzak emandako Global Training beka bategaz joan zen, 2021ean.

Sei hilabeterako joan zinen arren, hiru urte egin dituzu Pueblan.
Hala da. Pandemia pasatu ondoren, Pueblako hirigune historikoko komertzioak berraktibatzeko proiektu batean lan egitera joan nintzen, Jaurlaritzak emandako beka bategaz. Hiru lagun joan ginen: Andrea Angulom barakaldarra, Asier Ortega galdakoztarra eta ni neu. Beka amaitu ondoren, Pueblako Unibertsitate Iberoamerikarreko LEINN graduan talde trebatzaile lez lan egiteko aukera sortu zitzaidan. Han lanean zeuden euskaldun bi ezagutzen nituen. Aukera aprobetxatu nuen eta beste urte bi egin nituen unibertsitatean lanean.

Beraz, ondo egokitu zinen.
Bai. Oso erraza izan zen. Ez nengoen bakarrik. Gainera, besoak zabalik hartu gintuzten. Oso ondo sentiarazi gaituzte beti. Kulturalki desberdintasunak daude, jakina, baina oso ondo tratatu gaituzte beti. Unibertsitatean hartu-eman handia izan nuen eta ondo egokitu nintzen hango bizimodura. Neure taldetxoa egin nuen. Pueblako jatetxe euskal-mexikar batean euskaraz abesteko aukera izan dut; zuzeneko emanaldiak egiten nituen, asteburuetan. Eta, 'El picoteo' dark-kitchen-a —sukaldea bakarrik duen lokala— zabaldu nuen; etxera eramateko janaria eskaintzen genuen.

Ikasle lez joan zinen eta irakasten amaitu zenuen. Hezkuntzan desberdintasun handiak topatu dituzu?
AEBen antzera, campus handiak dituzte. Ikasleek egun osoa ematen dute han. Segurtasun handia dago eta ezin da edonor sartu. Hemen campusak txikiagoak dira eta ia edonor sartu daiteke.

Zelakoak dira mexikarrak?
Oso jatorrak direla esango nuke. Euskaldunon izaera zuzenagoa da, igual. Gu zakarragoak gara, batzuetan ematen du haserre gaudela. Mexikarrak dena berba politekin azaltzen ahalegintzen dira beti, guk baino suabeago. Baina askotan gauza berari buelta mordoa ematen diote, azkenean leku berera heltzeko.

Zerk harritu zaitu gehien?
Mexiko segurua ez den irudia heltzen zaigu, baina nik neuk ez dut horrela bizi izan. Hori bai, hiriburu eta errealitate asko daude, oso desberdinak. Hala ere, hemengo antzera sentitu naiz, segurtasunari dagokionez. Horrek onera harritu nau.

Zeren falta igarri duzu han?
Familiarena, lagunena, etxe giroa sentitzearena... Pueblan nire etxea eta nire ingurua sortzen ahalegindu naiz. Baina urtean behin Euskal Herrira etortzen ahalegindu naiz. 

Oso desberdinak dira Mexiko eta Euskal Herria?
Klimari eta izaerari dagokienez, bai. Baina han ere errealitate desberdinak bizi dituzte; Pueblan, Chiapasen eta Cancunen, adibidez. Askotariko kultura eta errealitateak daude.

Mexikon bisitatzeko leku bat?
Puebla, jakina.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!