Abenduaren 31ra bitartean Bonu Sozialak eskatzeko aukera dago Abadiñon

Anboto 2024ko abe. 10a, 09:05

Bonuak egoera zaurgarrian dauden pertsonei bideratuko zaizkie, igerilekuko eta kultur ekitaldietako zerbitzuak doan erabili ahal izateko. Eskariak udaletxean zein Traña-Matienako Herritarrentzako Arreta Zentroan eskatu daitezke. 

Egoera zaurgarrian dauden herritarrei lagundu asmoz, Abadiñoko Udalak Bonu Sozialak kaleratu ditu. Bonu hauen asmoa herritarrei igerilekukoe ta kultur ekitaldietako zerbitzuak erabili ahal izateko laguntza ematea da. "Udal Gobernua lanean ari da legegintzaldi osoan inor atzean gera ez dadin, eta bonu sozialak bide horretan laguntzeko sortu ditugu", azaldu dute. Bonu Sozial hauek abenduaren 31ra bitartean eskatu daitezke. 

Udaletik jakitera eman dutenez, onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte, elkarbizitza-unitatearen arabera: pertsona bakarreko elkarbizitza-unitateak 15.786 eurotik beherako dirusarrera gordina izan beharko dute; bi pertsonako elkarbizitza-unitateak 23.814 eurotik beherakoa; hiru pertsonakoak 26.195 eurotik beherakoa eta lau pertsonakoak 27.783 eurotik beherakoa. 

Onuradun bakoitzak urteko bonu bat jasoko du, eta honek sarbidea emango dio bai Abadiñoko igerilekura eta baita sarbide mota hori aurreikusita daukaten kultura-ekitaldietara. Bonuak pertsonalak eta besterenezinak izango dira, eta urtebeteko iraupena izango dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!