2025ko lehen seihilabetekoan zabalduko dute Abadiñoko Eguneko Zentroa

Anboto 2024ko aza. 22a, 14:27

Abadiñon egingo den Eguneko Zentroaren inguruko prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Abadiñoko Udalean. Bertan izan dira, Idoia Otaduy Mankomunitateko presidentea, Mikel Urrutia Abadiñoko alkatea eta Edurne Maguregi Abadiñoko Udaleko alkateordea. Prentsaurrekoan azaldu dutenez, aurreikuspenak betez gero, 2025eko lehen seihilabetekoan martxan izango da Abadiñoko Eguneko Zentroa. 

Abadiñon Eguneko Arreta Zentroa egingo dela eta ateak 2025eko lehen seihilabetekoan zabaldu direla iragarri du Durangaldeko Mankomunitateko  presidente Idoia Otaduyk. Mankomunitateko arduradunak azaldutakoaren arabera, 2023. urtearen amaieran Mankomunitateko gobernu ardura hartu zutenean proiektua asmo bat besterik ez zen. “Espektatiba batzuk sortu zituen proiektu bat jaso genuen baina ez zegoen ezer. Asmoak besterik ez. Gainerakoa hutsa. Gizarte Zerbitzuetako koordinatzailearekin bildu ginen, baita Abadiñoko udal ordezkaritzarekin ere gaia sakon ezagutzeko eta posible zen neurrian bideratzeko”. Hori horrela proiektua gauzatzeko hainbat urrats egiten dituztela azaldu du Otaduyk eta aurreikuspenak betez gero, 2025eko lehen seihilabetekoan martxan izango dela Eguneko Zentroa.

Abadiñoko Udaleko ordezkariak azaldu dute herrian Eguneko Zentroa eraikitzearen albistea "oso ona" dela, baina  proiektua beraiek "nahi baino mantsoago" doala. “Guk beharrak aztertzen ditugu, elkarlanean proiektuak lantzen ditugu eta gero urratsak egin, ez baita zilegi, aurreko agintaldiaren amaieran gertatu bezala, udal hauteskundeen atarian ezer landu gabe izanda, Eguneko Arreta Zentroa berehala zabalduko zutela adieraztea, eta hauteskundeak pasata ezer aurreratu gabe desagertzea. Iazko maiatzeko hauteskundeetatik, urrian mankomunitatearen legegintzaldi berria hasi arte, hainbat saiakera egin genitue arren mankomunitatetik, ez zuten ezertxo ere landu", kritikatu dute Mikel Urrutiak eta Edurne Maguregik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!